Marokoko Gobernuak 140 etorkin senegaldar egotzi zituen atzo goizean, eta arratsaldean beste 140 egoztekoa zen. Horretaz gain, Maliko 600 etorkin eta Senegalgo beste hainbat kanporatuko ditu datozen egunotan. Etorkinek salatu dutenez, Marokok tratu txarrak eman dizkie. SOS Arrazakeria erakundeak jakinarazi du, bestalde, deportatuen artean Marokon legez bizi ziren etorkinak ere bazeudela eta Rabat «garbiketa etnikoa» egiten ari dela. Rabatek kanporatu dituen etorkin gehienak Ceuta eta Melilla inguruan atxilotu eta Aljeriako muga aldeko basamortura eramandakoak dira. Kanporaketa horietaz aparte, Espainiak deportazio akordio bat jarri zuen martxan joan den astean. Akordioa 1992an sinatu zuten bi aldeek eta, horren arabera, Maroko behartuta dago bere lurraldetik pasa eta Espainiaren menpe- ko lurraldera iritsitako etorkin guztiak bueltan hartzera. Amnesty Internationalek salatu du akordio horrek ez dituela giza eskubideak bermatzen. Marokok torturatzen duen susmoa izanik, Espainia Europako Giza Eskubideen Ituna eta Torturaren Aurkako Ituna bortxatzen ari da etorkinak Marokora deportatuz. Espainiako Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek argudiatu duenez, bere gobernuak «segurtasuna» bermatu behar du eta, aldi berean, etorkinei «tratu duina» eman. Mugarik Gabeko Medikuak taldearen sortzaile eta Frantziako Osasun ministro izandako Bernard Kouchnerrek Europako Batasunaren politika kritikatu du. Nabarmendu duenez, etorkinei atea ixteak ez du ezertarako balioko: «Ez dugu lortuko gugana bizirauteko helburuarekin etortzen den jendea geldiaraztea». Europako Batzordeko eledun Françoise Le Bailek etorkinen giza eskubideak errespetatu behar zirela onartu zuen. EBko Justizia eta Barne ministroak Luxenburgon bilduko dira bihar eta immigrazioa izango da haien eztabaidagaietako bat. EBko ordezkaritza bat Marokon izan da eta hark ateratako ondorioak aztertuko dituzte.
Datua
200
Munduan 200 milioi pertsona bizi dira beren herrialdetik kanpo, NBEko idazkari nagusi Kofi Annanen arabera. Migrazioa duela hainbat mendetatik datorren kontua dela esan du, eta arreta berezia eskainiko diola NBEren datorren urteko batzar nagusiak.