Marokoko segurtasun indarren eskuetan diren hiru sahararrek torturak jasan dituztela salatu dute. Mendebaldeko Sahararen erabakitzeko eskubidearen alde diharduen nazioarteko ordezkari batek zabaldu du berria. Antonio Velazquez mexikarrak zehaztu duenez, hiru atxilotuetako baten arrebak jakinarazi die gertatutakoa.
Velazquezen arabera, joan den igandeko liskarrak eragitea egotzi nahi diete atxilotuei, eta horregatik torturatu dituzte, protestak eragin zituztela aitor dezaten. Hiru sahararrak iragan igandean bahitu zituzten, Aaiungo erietxe batean. Igandean, Aiaungo hiritik dozena bat kilometrora eraiki duten kanpaleku batetik hurbil, Marokoko jendarmeek saharar andana zeramatzan ibilgailu bati egin zioten tiro. Eraso hartan, 14 urteko gazte bat hil zuten, eta bost saharar zauritu; zaurituta erietxera eraman zituztenak dira, hain zuzen, bahitutakoak. Beste bik Aaiungo ospitale militarrean jarraitzen dute oraindik. Velazquezek zehaztu duenez, bahitutakoei aitorrarazi nahi diete eurak izan zirela militarrei tiro egiten lehenak. Marokok zabaldutako bertsioaren arabera, izan ere, igandeko ezbeharra sahararrek eurek eragin zuten.
Kanpalekua setiatuta dago
Marokok 1975. urtetik okupatzen duen Mendebaldeko Saharako herritarrek jasaten duten jazarpena salatzeko, milaka lagun Aiaun, Bojador,Dakhla eta Smarako hirietatik atera eta basamortura joan ziren hilaren 9an, kanpalekuak eraikitzeko. Gaur egun, dena dela, Aaiundik 12 kilometrora dagoen kanpalekua besterik ez da gelditzen zutik; gainontzekoak indarrez desegin dituzte segurtasun indarrek. Zutik den kanpalekuan 20.000 lagun inguru daude, baldintza oso txarretan eta militarrek inguratuta. Marokoarrek lubaki bat zulatu dute kanpalekuaren bueltan, eta sarrera-irteerak zorrotz zaintzen dituzte, giza laguntzaileei eta kazetariei bidea itxiz.
Atzo bertan, Rabateko gobernuak baimena kendu zion Al Yazira kate arabiarrari. Agintariek objektibotasunez ez lan egitea egozten diete hedabide horretako kazetariei, baita «lurraldetasun nazionalaren auziari» kalte egitea ere.
Bitartean, setioa amaitzeko eskatu dio nazioarteariMohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak. Fronte Polisarioko idazkari nagusi era bada Abdelaziz; horren hitzetan, gatazkak hainbeste iraun badu, Europak izan du zerikusia horretan. Adierazpen horiek FrantziakoAsanblea Nazionalean egin dituen arren, herenegun, Abdelazizek gogorarazi zuen gatazka hasi zenetik gaur arte Parisek Marokoren alde egin duela.
Marokok atxilotutako hiru sahararrak torturatu egin dituztela salatu du familiak
Atxilotutakoei igandeko erasoa eragin izana aitorrarazi nahi dietela ohartarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu