Maroko eta Fronte Polisarioko ordezkariek negoziazio ez-formalei ekin diete zortzigarrenez New Yorken. Manhasseteko Greentree etxaldean gaur arte egongo dira elkartuta bi aldeetako ordezkariak jarrerak gerturatzeko asmoz. NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatzen ditu elkarrizketak negoziazio formalek huts egin zutenetik; 2007ko eta 2008ko bilerak ezerezean gelditu baitziren. Ahmed Bujari Fronte Polisarioko ordezkariak ohartarazi du oraingoan giroa ez dela aurrekoetan baino hobea. Marokok egin berri duen erreferendumari egin dio erreferentzia diplomazialariak, haren ustez, ekintza horrek «tentsioa areagotu baino ez duelako egin».
Marokok Konstituzioa erreformatzeko galdeketa egin zuen hilaren hasieran, eta Mendebaldeko Saharan ere erreferenduma egin izan izana «ekintza gauzatuen estrategiari» eustea dela salatu du Bujarik. Negoziazioak arriskuan jartzea leporatu dio Marokori: «Deskolonizazio prozesu batean dagoen lurraldearen estatus legala aurretik zehaztea eskatzen du horrek».
NBErekin, hala ere, erabat kolaboratzeko prest agertu da Bujari. Chistopher Ross NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkariak iragarri du «alde bakoitzak bere proposamenetan sakonduta» aurrera egin ahal izatea espero duela, «bereziki autodeterminaziorako mekanismoak eta konfiantza sustatzeko neurriak zehaztuta». Baliabide naturalen ustiapenaren inguruko ikerketa ere iragarri du Rossek.
Marokok eta Polisarioak zortzigarrenez ekin diete elkarrizketei
Bilera ez-formalak egiten ari dira bi aldeetako ordezkariak New Yorken; jarrerak gerturatzea da helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu