Kanariar uharteetatik 17:30ean iritsi zen atzo Aaiunera, Mendebaldeko Saharako hiriburura, hainbat euskal instituziotako ordezkariak eta kazetariak zeramatzan hegazkina. Helburua, sahararrek Marokoren menpe pairatzen duten egoera eta azkenaldiko protestetan jasandako zapalkuntzaren berri bertatik bertara jasotzea zen. Haien aurretik hainbat ordezkaritzak eta kazetarik lortu ez zutena erdietsi nahi zuten. Alferrik, ordea. Haiei ere sarbidea galarazi zieten Marokoko poliziek.
Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak eta hainbat udaletxetako ordezkariak eta giza eskubideen aldeko taldeetako kideak zihoazen 27 pertsonak osatutako taldean, baita zenbait kazetari ere. Uztailaren 16a arte egon nahi zuten Aaiunen, errepresioaren testigantzak biltzen, baina Rabateko gobernuak haien asmoak zapuztu zituen, aurreko aldietan beste ordezkaritza eta kazetari batzuekin (Berriakoa, tartean) egin zuen bezala.SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekiko Espainiako estatuko elkartasun taldeak koordinatzen dituen Txomin Aurrekoetxeak euskal ordezkaritzarekin joan zen azaldu zuenez, «bi polizia marokoar hegazkinaren atean» jarri ziren, inor jaits ez zedin. «Jaistea eragotzi digute», gehitu zuen. Aaiunen sartzerik izango ez zutela ikusirik, «egoera bestelakoa denean itzultzeko asmoarekin» Euskal Herrira bueltatu ziren. Bestalde, joan den maiatzaren 24tik Aaiunen izandako manifestazioetan atxilotutako 14 gazte sahararren kontrako epaiketaren bukaeran, herenegun, haien abokatuek salatu zuten Marokoko Fiskaltzak ez zuela gazteen kontrako frogarik aurkeztu. «Auzitegiak, gainera, ez die legeak agintzen duen babes judiziala eskaini», nabarmendu zuten.
Zigor erantsia
Bederatzi gazteri bi eta zortzi urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten. Zigorrak osorik bete beharko dituzte. Beste hiruri, aldiz, bi urteko zigorrak ezarri zizkieten, baina ez dute espetxera joan beharko. Beste bi errugabetu zituzten. Haietako bat, ordea, kartzelan geratuko da beste epaiketa baten zain
«Zigorren arteko ezberdintasuna hauxe da: epaiketaren lehen egunean Fronte Polisarioaren aldeko oihuak bota zituztenak zigortu dituzte», salatu zuten abokatuek.
MENDEBALDEKO SAHARA
Marokok euskal ordezkari publikoei ere itxi egin die Aaiunerako sarbidea
27 lagunek osatutako taldeari Poliziak ez dio Kanarietatik eraman dituen abioitik jaisten utzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu