Senitartekoek jakinarazi dutenez, zaurituak ospitale militar batera eraman dituzte, eta, horregatik, ez dituzte haiek ikusterik izan. Sarrera oztopatzeko, gertatutakoa istripu soila izan dela jakinarazi diote atezainek; haatik, erantzule bakarra Maroko dela argi gelditu arte ez dutela etsiko adierazi dute familiartekoek. «Ez dut gezurrik onartuko. Nire semea hil dutenak haiek direla onartzen ez duten bitartean ez dut etsiko», adierazi du hildako sahararraren amak.
Egun gutxiren buruan seme bat hil, beste bat zauritu eta beste bat preso hartu dioten ama izanda ere, ez du amore emango: «Gertatuak aurrera egiteko adorea eman dit». Agdaim Izik kanpalekuaren aurka Marokok martxan jarritako presio neurriak bortitzen jasan dituena izan da bera; haatik, ez presioa sufritu duen bakarra. Izan ere, Aaiundik 20 kilometro eskasera lehen kanpadendak zabaldu zituztenetik, Marokok trabak besterik ez dizkie jarri bertaratu direnei. Presio neurriak gogortzen ari zirela ikusita, joan den astetik behin baino gehiagotan ohartarazi du Fronte Polisarioak Agdaim Iziken gerta daitekeen «giza hondamendiaz».
Aaiungoa martxan jarri zutenetik, Mendebaldeko Saharako beste hainbat hiri okupatutan ere antzerako ekimenak abiarazi dituzte azken asteetan. Hala nola Dakhla, Bojador eta Smara hirietan sahararren eskubideak aldarrikatzeko kanpalekuak eraiki dituzte; Marokok, ordea, haiek denak desegin ditu indarrez. Azkena Smarakoa, atzo bertan. Lekukoek aditzera eman dutenez, helikoptero militarrak bidali zituzten lehenengo, eta erregearen jendarmeek kanpadenak suntsitu eta bertakoak jipoitu zituzten gero. Poliziak gogor kolpatutakoen artean da Daida Abdeslam ekintzaile sahararra.
Smaratik ihes egindako lau gazte sahararrek eman dute kanpaleku horretan bizitakoaren berri. Marokok okupatutako hiri horren kanpoaldean hainbat haima zabaltzen ari zirela antzeman zituzten segurtasun indarrek; atxilotu orduko, bi aste iraun duen protestan ez jarduteko konpromisoa hartzeko dokumentua sinarazi zieten. Hala ere, handik ihes egin zuten gero. Hainbat egun egin dituzte desertuan barna, ahalik eta Fronte Polisarioaren kontrolpean dauden lurraldeetara iritsi diren arte. Oinetan sandaliak zituztela egin dute bidea, lurralde liberatuak eta Marokok okupatutakoak banatzen dituen harresia ezkutuan igaroz.
Marokoren bertsioa
Agdaim Izik kanpalekuan mobilizatu dute jende gehien; Polisarioak asteburu honetan bertan emandako datuen arabera, 20.000 saharar inguruk egin dute hara. Hori dela eta, Marokok ez du oraindik hura desegitea lortu, nahiz eta bitarteko denak jarri dituen bertaratu direnei presio egiteko. Inor gehiago sar ez dadin, Agdaim Izik inguruan militarrak harresia ari dira eraikitzen; hala, kanpalekuetan daudenek janaria nahiz eguneroko bizitzarako materia eskuratzea galarazi nahi dute. Horrez gain, dozenaka kontrol ere jarri dituzte.
Elgarhi Naiem Foidal eta beste zazpi sahararrek haietako batekin egin zuten topo, hain zuzen, herenegun. Poliziak gelditzeko agindu zienean, baina, aurrera egitea erabaki zuten, harik eta hurrengo kontrolean tiroka hasi zitzaien arte. Polisarioaren arabera, janaria banatzeko asmoz iritsi nahi zuten Agdaim Izikera; haatik, Rabateko gobernuak zabaldu duen bertsioaren arabera, tirokatutako ibilgailuetan armak aurkitu dituzte. Gogorarazi du, gainera, hildakoa atxilotzeko agindua emanda zeukatela. Marokoren arabera, sahararrek egin zuten lehendabizi tiro.
Fronte Polisarioko Atzerri ministro Mohamed Uld Salekek gertatutakoaren erantzule egin ditu Marokoko agintariak; alabaina, ez haiek bakarrik. Egoera okertzen ari dela ikusita, nazioarteak neurriak hartu behar zituen, Uld Saleken ustez, baina ez zuen egin. «Beldur ginen, eta azkenean gertatu egin da. Maroko armarik gabeko zibilak hasi da garbitzen».
Polisarioa aspalditik ari da eskatzen nazioarteak esku hartzea, alabaina, Mendebaldeak ez dio Marokori presio egin. NBE Nazio Batuen Erakundeak negoziazioetan jarri du indarra: datorren arazoaren 3an hamaikagarren ahalegina egingo dute. Izan ere, egun horretan hasita Marokok eta Fronte Polisariak bakeaz hitz egingo dute berriro.