Giza eskubideak

Marokok kanporatu egin du Helena Maleno ekintzailea

Iazko apiriletik dozenaka eraso eta mehatxu jasan dituela salatu du Caminando Fronteras erakundeko kideak, eta Rabatekin elkarlanean aritzea egotzi dio Madrili.

Helena Maleno ekintzailea, artxiboko argazki batean. ANGEL MEDINA G. / EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 12a
13:19
Entzun

Marokon bizi izan da Helena Maleno azken hogei urtean, baina joan den urtarrilaren 23an Rabatek herrialdetik kanporatu egin zuen, eta debekatu egin zion 14 urteko alaba ikustea 32 egunez. Migratzaileen giza eskubideen alde lan egiten duen Caminando Fronteras taldeak gaur salatu du gertatutakoa Madrilen eskainitako prentsaurreko batean.

«Iazko apiriletik 37 eraso, heriotza mehatxu eta jazarpen jasan ditut; Poliziak jarraitu egin nau, entzuketak egin dizkidate, eta bitan saiatu dira indarrez nire etxera sartzen», salatu du Malenok, eta eraso horien atzean egotea egotzi die Espainiako Polizia Nazionalaren Dokumentu Faltsuetarako eta Legez Kanpoko Immigraziorako Unitate Zentralari eta Marokoko Poliziari. «Nire bizitza eta nire alabarena arriskuan jarri dituzte hilabeteotan», esan du ekintzaileak.

Malenok gogorarazi du bi estatuek aitortu dutela haren lana ez dela delitua, baina, hala ere, kriminalizatu egin dutela urte hauetan guztietan. «Nire eta nire familiaren aurkako mehatxuak etengabeak izan dira urteotan». Hala ere, eskertu egin du Espainiako Gobernuak, eta, batez ere, Eskubide Sozialen ministro Ione Belarrak emandako laguntza: «Hala ere, tamalez, estatuko estolderiek eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako jazarpenak pisu handiagoa dute».

Hala, taldeak eskatu dio Espainiako gobernuko presidente Pedro Sanchezi eten dezala Malenoren aurkako jazarpena, eta aitor dezatela migratzaileen alde egiten ari den lana. Idatzia hainbat erakundek sinatu dute,  besteak beste, Toruturaren Aurkako Nazioarteko Erakundeak, Urgent Action Fund for Women’s Human Rightsek eta Front Line Defenders taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.