Alkartasuna, Ezkerraberri eta Iratzar fundazioek antolatuta, Ibilbide Berdetik 40 urte, 40 urteko elkartasuna Sahararekin jardunaldiak egin zituzten ostiralean Gasteizen. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Marokoko hainbat agente probokatzaile aretoan sartu ziren saioaren hasieratik". BERRIAk jakin duenez, lehen lerroan eserita saioa grabatu eta oharrak idazten aritu ziren. Hiru ziren lehen lerroan, eta, lekukoen arabera atzeko aldean gehiago zeuden.
Tentsio unerik gorena, ordea, Hassanna Aalia gazte sahararraren eta Carlos Beristain giza eskubideen aldeko ekintzaile eta psikologian doktorearen hitzaldia amaitzear zela gertatu zen, mahai ingurua "oihuka boikoteatzeari ekin" ziotenean. Lehenxeago aurreko lerroan eserita zegoen saharar batek hartu zuen hitza, eta kamera ondoan ipinita hasi ziren grabatzen, lekukoen arabera. Orduan sahararrak kargu hartu zien, eta esan euren herrialdean bizitzen utzi ez eta ea hemen ere ez dieten bizitzen utzi behar. Orduan hasi ziren oihuka marokoarrak, BERRIAk eskuratu duen bideoan ikus daitekeenez. Hassanna Aaliak ere salatu du gertaera sare sozialetan.
"Agente probokatzaile horiek ezagutzen zituzten sahararrek eta elkartasun taldeetako kideek, Espainiako Estatuan antzeko beste hitzaldi batzuetan ibili izan direlako jokabide berberekin", salatu dute jardunaldien antolatzaileek. Aaliak adierazi zuenez, Marokok alde guztietara jarraitzen die, eta ohikoak izaten dira halako jarrera eta jokabideak horien aldetik. Gasteizko jardunaldien antolatzaileek esan dute halako egoeren erantzukizuna Espainiarena eta Poliziarena dela.