Marokoko armadako hegazkin batek istripua izan du, eta 78 lagun hil dira

Hipotesi nagusiaren arabera, behe lainoak eragin du istripua, baina Marokok ikertu egingo du gertatutakoa

2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gutxienez 78 lagun hil dira hegazkin militar batek Guelminetik gertu izandako istripuan, Maroko hegoaldean. Hildako gehienak Marokoko armadako kideak dira, baina haien senitartekoak ere badira tartean. Larrialdi zerbitzuek 42 gorpu berreskuratu dituzte oraingoz, eta zaurituak Guelmineko ospitalera eraman dituzte. Hiru dira larri zaurituta daudenak.

Armadaren bertsio ofizialaren arabera, Mendebaldeko Saharara zihoan hegazkina, Dakhla hirira. Marokoko armadak erabat militarizaturik du hiri hori. Mendebaldeko Saharan 150.000 soldadutik gora daudela kalkulatzen da.

Dirudienez, eguraldiak eragin zuen istripua, lekukoen araberaGuelmin ingurua erabat lainoturik baitzegoen istripuaren unean. Hegazkinak kontrola galdu zuen, antza, eta Guelminetik hamar kilometrora dagoen mendi baten aurka lur jo zuen. Dena den, istripuaren arrazoia zein izan daitekeen ikertuko duela adierazi du Marokok.

Atzo 7:30ak aldera gertatu zen, baina ez dago argi hegazkina nondik nora zihoan. Lehen bertsioen arabera, hegazkina Mendebaldeko Saharako Dakhla hiritik atera zen Kenitrara bidean, Rabatetik 40 kilometrora. Geroago armadak igorritako komunikatu batek, ordea, kontrakoa zihoen; armadaren arabera, hegazkinak Agadir-Aaiun-Dakhla ibilbidea egiten zuen, hau da, Marokotik Mendebaldeko Saharara, eta ez alderantziz, lehen bertsioek esaten zuten bezala.

Istripua izan duen hegazkina Hercules C-130 modelokoa zen, tropak garraiatzeko diseinatua. 1954an hasi ziren gisa horretakoak eraikitzen, AEBetako Aireko Armadarentzat. Gaur egun dauden hegazinen artean ziurrenetakoa eta fidagarrienetakoa da adituen arabera. Dena den, azken bi urteetan hildakoak utzi dituzten beste bi istripu ere izan dituzte Hercules C-130 hegazkinek. 2009an Indonesian izandako istripuan 101 lagun hil ziren, eta hilabete batzuen buruan AEBetan izandako istripuan bederatzi.

Azken urteetan Marokon izan den aireko istripurik larriena izan da atzokoa. Azkena 1994an gertatu zen; 40 lagun baino gehiago hil ziren orduan.

Dakhlako okupazio militarra

Badirudi Marokoko armadako hegazkina Dakhlara bidean zihoala istripua izan zuen unean. Aaiunetik 550 kilometro hegoaldera dago Dakhla, kostan. Marokok 1979an Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, gune militar bilakatu da hiria, eta bertan gertatzen den guztia Marokoko armadak kontrolatzen du. Milaka militarrek kontrolpean dituzte hiriko kale guztiak, eta armaturik ibiltzen dira, «Marokoren eta marokoarren interesak babesteko».

Okupazioa dela eta, sarritan izaten dira istiluak Dakhlan. Otsailean, esaterako, ikaragarrizko liskarrak izan ziren sahararren eta marokoarren artean. Mamai Hanun Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideen aldeko batzordeko ekintzailearen arabera, otsailaren 26an 35 etxe baino gehiago txikitu zituen Marokoko Armadak.

Marokoarren bertsioaren arabera, Fronte Polisarioaren jarraitzaileak izan ziren istiluak sortu zituztenak; halaxe adierazi zuten komunikatu ofizial batean. Sahararren bertsioa, ordea, erabat ezberdina da. Horien arabera, «inongo probokaziorik gabe» sartu ziren marokoarrak euren etxeetan, gauerdian; dendetan ere sartu ziren, eta autoak ere erre zizkieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.