Herrialde arabiarretako matxinada bolada ez zen Tunisian hasi, iazko abenduaren 17an Mohamed Buazizi 26 urteko langabeak Sidi Bou Said hiri turistikoan bere buruari su eman zionean. Hilabete eta erdi inguru lehenago, 2010eko urriaren 9an lehertu ziren lehen protestak Mendebaldeko Saharako Agdaim Izik kanpalekuan, eta geroago Smaran eta Aaiunen ere bai. Etxebizitzak, lanpostuak, laguntza sozialak eta autodeterminazioa eskatu zioten sahararrek Marokoko Gobernuari. Hark errepresio gogorrarekin erantzun zien, Agdaim Izikeko kanpalekua desegiteraino. Dozenaka hildako, eta ehunka atxilotu eta zauritu izan ziren. Europako Batasunak, dena den, gatazka bukatutzat eman zuen abenduaren 13an Marokorekin hiru itun ekonomiko sinatu ostean. Lau egun geroago piztu zen Tunisian iraultza, eta urtarril hasieran berriro loratu zitzaizkion protestak Rabati. Matxinadak, ordea, ez du Tunisian, Egipton, Libian eta Sirian besteko indarrik hartu, Mohamed VI.a erregeak aldaketaren diskurtsoa ondo saltzen asmatu duelako. Gaur Marokon egingo dituzten parlamenturako hauteskundeak, hain zuzen, erregearen apustua sendotzeko eta matxinada isilarazteko prozesuaren azken txanpa dira.
Datorren urteko urrian ziren egitekoak bozak, baina gobernuak 11 hilabete aurreratzea erabaki zuen iragan abuztuan, protestak baretzeko. Ordezkarien Ganberako 395 diputatu —325 aulki izan ditu orain arte ganberak— aukeratuko dituzte gaur hautesle erroldan izena eman duten ia 14 milioi herritarrek; boto eskubidea duten beste 8 milioi lagunek, berriz, ez dute izenik eman. Guztira 31 alderdi politiko aurkeztu dira, baina, azken batean, hiruk bakarrik dute aukera ordezkaritza zabala lortzeko: PJD Justizia eta Garapena alderdi islamista moderatuak, Demokraziarako Koalizioak —zortzi alderdi liberal eta monarkikok osatua— eta Kulta Uataniak —hiru alderdi nazionalistak osatua—. Nolanahi ere, Mohamed VI.a erregearen esku dago datozen bost urteetarako gobernuburu berria nor izango den aukeratzea.
Islamistak, zatituta
Diputatu gehien lortzeko faborito nagusia islamista moderatuen PJD alderdia da. Iragan urriaren 23ko Tunisiako hauteskundeetan Ennahda alderdi islamista moderatuak lortutako emaitza onek PJDren hautagaitza sendotu dute Marokon, eta inkestak egitea debekatuta dagoen arren, hango komunikabideek irabazle ziurtzat jotzen dute dagoeneko PJD. 2007ko hauteskundeetan—%37ko parte hartzea izan zuten— alderdi hark lortu zuen boto gehien, baina zenbaketa sistema zela-eta 46 diputatu lortu zituen, eta Istiklal alderdi nazionalistak osatu zuen gobernua.
Hasieran, PJDk gogor egin zion Otsailak 20 mugimenduari: Maroko «udaberri arabiarreko salbuespena» dela esanez. Geroago, baina, jarrera aldatu, eta aitortu zuen mugimenduari esker iritsi dela erregeak iragan uztailean egindako konstituzioaren aldaketa. Islamista guztiak, ordea, ez datoz bat PJDrekin. Izan ere, Justizia eta Karitatea legez kanpoko alderdiak, O-20rekin batera, boikota egitera deitu du bozetarako —uztaileko galdeketan konstituzioa aldatzearen alde egin zuten—.
Hala ere, O-20 mugimenduaren arabera, Ordezkarien Ganbera aukeratzeko hauteskundeak herriari eskainitako «antzerki lana» dira. «Bozek ez dute ezer aldatuko, parlamentuan betiko ustelkeria aurpegiek jarraituko dutelako eta ez dugulako itxaropenik klase politikoarengan», azaldu du Najib Txauki mugimenduko kideak. Horregatik eskatu dute, hain zuzen, hauteskundeei boikota egiteko: erregeak egin dituen aldaketak ez dituztelako benetakotzat jotzen, erregimenaren makillajetzat baizik.
Protestak aurrera jarraitzen du
Marokoko legeak debekatu egiten du bozak boikotatzera indarkeria bidez edo mehatxu bidez deitzea. O-20 mugimenduak modu baketsuan egin du deia, «baina kanpaina hasi zenetik ehunetik gora lagun atxilotu dituzte», Txaukiren arabera. Mugimenduaren mezua isilarazten saiatu da Rabat kanpaina osoan, baina ikusteko dago zenbatekoa izango den abstentzioa, neurri batean O-20 mugimenduak gizartean duen babesa erakuts dezakeelako.
«O-20k behartu ditu Marokoko protestak desegiteko erregeak egin dituen mugimendu nagusiak: politikoki, konstituzioaren aldaketarekin eta bozak aurreratzearekin, eta sozialki, unibertsitateko ikasketadun milaka gazte kontratatzearekin eta lehen mailako jakientzako diru laguntzak gehitzearekin», azaldu du Mohamed Madanik, Rabateko Mohamed V.a unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak. «Botereak jada ez du zer gehiago eskaini, eta kaleko protestek —ez oso jendetsuak, baina iraunkorrak— arriskuan jartzen dute Rabat».
Hauteskundeetako emaitzak edozein izanda ere protestak egiten jarraitzeko asmoa duela iragarri du O-20k. Haserrearen eguna iragarri du datorren abenduaren 4rako, eta parte hartzeko eskatu dio herrialde osoari: «Sinetsita gaude gauzek ezin dutela horrela jarraitu eta soilik egiten dituzten aldarrikapenen zilegitasunaz jabetzen diren herritarren indarrak jar diezaiokeela amaiera despostimoari eta ustelkeriari».
Maroko. Hauteskundeak
Marokoko bozek erregearen erreformen indarra neurtuko dute
Mohamed VI.ak matxinadak ez areagotzeko hartutako neurrien azken txanpa dira Ordezkarien Ganberarako hauteskundeakOtsailak 20 mugimenduak abstentziora deitu ditu herritarrak, bozei boikota egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu