Marokoko Polizia ekintzaile suizida gehiagoren bila ari da, Casablancako leherketen ostean

Hiru ekintzailek euren burua zartarazi zuten herenegun, eta Poliziak beste bat hil zuen

Erredakzioa
2007ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Marokoko Poliziak ekintzaile islamista andanaren bila ari da Casablancan. Bezperan, lau ekintzaile islamista eta polizia bat hil eta beste hogei bat lagun zauritu ziren. Poliziak ekintzaile islamisten bila daraman ekitaldiaz argibiderik eman ez bazuen ere, Annass egunkariak zehaztu zuen jada hamar bat lagun atxilotu dituztela. Assaba egunerokoak zioenez, berriz, segurtasun indarrak bila ari diren ekintzaile islamista hauetatik batzuk erasoak izan ziren auzoan ezkutatuta daude oraindik ere, El Fida auzunean, hain zuzen ere. Poliziak, baina, beste auzo batzuetara ere zabaldu du operazioa eta ekintzaile gehiago beren buruaz beste egiteko prest egon daitezkeela uste dute.

Marokoko Poliziak El Fidako eraikin bat inguratu zuen astelehenetik astearterako gauean. Inguratuta duten eraikin horretan hiru ekintzailek euren burua zartarazi zuten herenegun, atxilotuak izan aurretik. Laugarren batek, aldiz, poliziak tirokatuta hil zen. Une horretan polizia bat hil zen eta beste bi zauritu. Auzuneko hogei bat lagun ere zauritu ziren gertakari hauetan.



MARTXOAREN 11KO ERASOAREN SEGIDA. Herenegun hildako ekintzaile islamisten artean, Aiub Raidi izeneko gaztea zegoela jakinarazi dute segurtasun indarrek. Aiub Raidiren anaia Abdelatif Raidi iragan martxoaren 11an hil zuten poliziek Casablancako ziberkafe batean aurkitzen zelarik. Marokoko Poliziak Casablancako El Fida auzunean herenegun burutu zuen ekitaldia, orain dela hilabete gertatutakoaren segida izan zen beraz.

Ekintzaile islamista hauek Al Kaeda erakundearen nazioarteko sarearen kide diren ala ez esateko garaian iritzi kontrajarriak daude. Rabateko agintarien arabera, muturreko islamista hauek ez dute loturarik Al Kaedarekin, baina Mohamed Darif ikertzaileak, aldiz, harremanak badirela uste du. Adituek azpimarratzen dute Marokon bizi diren bidegabekeriek hazten dutela muturreko islamismoa. «Terrorismoa hazteko, munduko txapeldunak gara» iritzi dio Annass kazetako zuzendari Khamel Burauik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.