Maroko

Marokoko Poliziak indarrez sakabanatu ditu Al-Hoceiman bildutako manifestariak

Azken asteetan atxilotutako 148 ekintzaileen askatasuna eskatzeko martxa zuten egitekoa. Protesta bertan behera uzten ahalegindu da Maroko, hiriko sarrera-irteera guztiak itxiz.

Al-Hoceimako Martirien Plaza Poliziak inguratua. OMAR RADI
2017ko uztailaren 20a
07:32
Entzun

Eguerdian egitekoak zituzten protestak, baina, arratsalde erdian, manifestariek hirira sartzeko ahaleginetan ari ziren oraindik. Hirak al-Xaabi mugimenduak antolatutako mobilizazioa zen azken asteetan atixlotutako 148 ekintzaileen askatasuna eskatzeko. Baina aurreko aldi guztietan bezala, oraingoan ere debekatua zuen Marokok. Horiek hala, Al-Hoceimarako sarrera-irteera guztiak itxi ditu Poliziak. Ondorioz, jendeak mendietara eta itsasora jo du.

Lekukoek salatu dutenez, Poliziak helikopteroak ere mugiarazi ditu horiek geldiarazteko. Ordea, era batera edo bestera azkenean 500 pertsona inguru bildu dira hirian eta abiatu dute martxa. Poliziak, baina, negar-gasa jaurti eta sakabanatu egin ditu manifestariak.  

Ez da lehen aldia Marokoko Poliziak halako protestak debekatzen dituela. Joan den ekainean, antzeko martxa bat antolatu zuten, eta, aldi hartan ere, Rabatek eragotzi egin zuen. Hirak al-Xaabi mugimenduak salatu duenez, amazig herriaren aurkako jazarpena nabarmen handitu da azken hilabeteetan. Mugimenduarekin zerikusia izateaz egotzita, ehunka lagun atxilotu dituzte maiatzaz geroztik.

Atxiloketak

Iturri ofizialek inolako informaziorik eman ez duten arren, lekukoek salatu dute Poliziak gutxienez bi pertsona atxilotu dituela: kazetari bat eta argazkilari bat. Horretaz gain, hirian sartu nahi duen orori dokumentazioa eskatzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.