Marokorekiko hartu-emanak are gehiago tenkatu ez daitezen ahaleginean ari da Espainia. Orainarteko politikaren norabidea ez duela aldatuko jakinarazi du Ramon Jauregi Gobernuko Presidentziako ministroak: «Ez dugu gatazka bat egingo ez dagoen lekuan; gure aldetik, behintzat, ez da ika-mikarik eragiteko asmorik izan, eta orain arteko harreman onei helduko diegu». Inork zalantzarik bazuen egin du zehaztapena ministroak, bezperan; izan ere, komunikatu ofizial baten bidez, harremanak bideratze aldera elkarrizketara deia egin zion Madrilek Rabati.
Marokoko Parlamentuak herenegun gauean onartutako mozioaren ostean egin ditu adierazpenak Jauregik. Ceuta eta Melilla «berreskuratzeko» neurriak har ditzan eskatu diote parlamentariek gobernuari. Espainiarekiko harremanak «ahalik eta azkarrena» aztertzeko deia ere egiten diote. Eta horixe bera iragarri zuen bezperan Marokoko Gobernuak. Khalid Naciri Komunikazio ministroak harremanak «alor guztietan» berriz aztertuko dituztela jakinarazi zuen.
Espainiako Kongresuak ostegunean onartutako ebazpenak eragin du polemika. Agdaim Izik eta Aaiunen gertatutakoa salatu dute aho batez talde parlamentarioek, baina indarkeriaren erantzuleari erreferentzia egin gabe. PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak erantzulea zehaztuko ez zuen testua adostu zuen alderdiekin, eta horrela egingo zuela jakinarazi zion Rabati. Marokok, hala ere, ez du begi onez ikusi ebazpena, eta, orduz geroztik, azalpenak eman eta eman ari da Madril. Kongresuak onartutako testua «ekintza zentzugabea eta arduragabea» dela uste du Marokoko Parlamentuak. Marokoko subiranotasuna indarrez kentzea eta barne auzietan sartzea leporatu dio ere Madrili. Eta norbaitek ezer galtzekotan bera dela esan du arrazoiak segurtasuna, immigrazioa, narkotrafikoa eta interes ekonomikoak direla zehaztu ez badu ere.
Martxa bertan behera
Mendebaldeko Saharako auziak eragindako liskarrak hiri okupatuak aldarrikatzeko baliatu dute, bide batez, hainbat eragilek. Ceutako eta Melillako mugara gerturatzekoa zen askapenerako martxa antolatu zuten atzorako, baina, «arrazoi logistikoak» argudiatuta, ekimena atzeratzea erabaki zuten. Rabaten, hala ere, ehun bat lagun inguru elkartu ziren hirien subiranotasuna aldarrikatzeko. Marokoko hainbat hiritan, berriz, manifestazioak egin zituzten; iragan igandean ere hala egin zuten Casablancan. Mendebaldeko Sahara Marokoren parte dela aldarrikatu zuten.
Marokorekiko politikaren norabidea ez duela aldatuko jakinarazi du Espainiak
Ceuta eta Melilla «berreskuratzeko» neurriak har ditzan eskatu dio Marokoko Parlamentuak Rabati
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu