Maroko eta Europako Batasunak beste urrats bat eman dute duela bi urte adostutako Estatutu Aurreratuan; elkarlanerako bideak sendotzea dakarren dokumentua gauzatzeko ekintza plana garatzeari ekin baitiote hiru akordio sinatuta. Nekazaritza eta arrantza merkataritza liberalizatzean, ekonomiaren alorreko eztabaidak arautzeko mekanismo bat ezartzean, eta politikaren eremuko hirugarren testu batean adostu dira aldeak; Marokori programa komunitarioetan parte hartzeko aukera emango lioke azken honek.
Mendebaldeko Saharako auzia gori-gori dagoenean hitzartutako akordioak, baina, polemika piztu du, nahiz eta aldeek krisia amaituta dagoela agerian uzteko baliatu duten ekitaldia. Taib Fassi Marokoko Atzeri ministroak aukera «egia azaltzeko» baliatu du; «gertaerak izan ziren bezala kontatzeko». Steven Vanackere Belgikako Atzerri ministroak «gardentasuna» irtenbidearentzat lagungarria dela eta «den-denek, baita marokoarrek ere, indarkeria deitoratzen» dutela adierazi du -txandakako presidentetza du Belgikak-. Rabatekiko harremana «oinarrizko balioa» da Vanackerentzat. Trinidad Jimenez Espainiako Atzerri ministroa, berriz, haratago joan da herrialdea «kide estrategikoa» dela zehaztuz: «Uste dut modu honetan auzia amaituta dagoela esan dezakegula».
Jose Bove Berdeen parlamentaria izan da akordioarekiko kritiko agertu den ordezkarietako bat. Merkataritza akordioek sahararrei okupatutako lurretako nekazaritza eta arrantza produktuen salerosketa baimentzen duela aintzat hartuta, ikerketa juridikoa egiteko eskatu dio Bovek Europako Parlamentuari. Akordioa, izan ere, europarlamentarien babesa beharko du eta trabak ezar ditzake hor testua aurrera ateratzeko.
Urtemuga gogoan
Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak, berriz, urtemuga gazi-gozo bat gogoratu du. Nazio Batuen Erakundeak 1514 ebazpena onartu zuela 50 urte betetzen dira gaur eta testua «historikoa» izan zela gogoratu arren, oraindik ere kolonialismoa indarrean egotea deitoratu du; «Mendebaldeko Saharako auzia da aurrenekoa zerrenda horretan». Kolonizatuak izandako herriei autodeterminaziorako eskubidea aitortzen die ebazpen horrek eta onartu eta mende erdira 80 dira mundu osoan independentzia eskuratu duten herrialdeek.
Mendebaldeko Sahara, baina, okupatuta jarraitzen du. Heldu den ostegunean ekingo diote berriz aldeek negoziazioei.
Marokorekin hiru akordio sinatuta, krisia amaitutzat jo du Europako Batasunak
Kolonizatutako herriei independentziarako eskubidea bermatzen dien ebazpenaren 50. urtemuga da gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu