Ez da lehena, eta ziurrenik ez da izango NBEk Marokori igortzen dion azken oharra. Oraingoan, "inoizko neurri gogorrenak" iragarri ditu Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Rabaten aurka, baldin eta hark apirilean kanporatutako Minursoko begiraleak berriz onartu ezean. Bilera hilaren amaieran egingo dute nazioarteko agintariek, baina tarte horretan Frantzia eta AEBen arteko elkarrizketak ari dira egiten, lehena prozesua bultzatzeko asmoz, eta bigarrena, berriz, Marokoren aurkako zigorrak arintzeko helburuarekin.
Joan den apirilean, izan ere, Minursoko misioa osatzen duten 73 ordezkari zibilak kanporatu zituen Marokok, argudiatuta "partzialak" direla euren jardunean. Orain, baldintzak jarri ditu Rabatek haiek itzultzeko. Horien arabera, Minursok bertan behera utzi beharko lituzke Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioari buruzko galdeketa egiteko lanak, eta horren ordez Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko su-etena betetzen dela egiaztatzean jarri beharko lituzke indarrak.
Urtebete gehiago
Hain zuzen, apirilean onartu zuen NBEk misioa beste urtebetez luzatzea. Baina beste behin bere horretan luzatu zuen, alegia, giza eskubideak errespetatzen direla gainbegiratzeko eskumenik gabe. 1991n jarri zuten indarrean Mendebaldeko Saharako misioa, eta giza eskubideen egoera gainbegiratzea bere eskumenen artean ez daukan NBEren misio bakarretakoa da. Iaz AEBek proposatu zuten giza eskubideen zaintza bere gain hartzea Minursok, baina Segurtasun Kontseiluan atzera bota zuten Marokoren kontrako jarreragatik.
1975eko Martxa Berdearekin okupatu zituen Marokok Espainiako kolonia izan zenaren lurraldeak, eta ordutik independentziaren aldeko borrokan ari da SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Rabatek, baina, autonomia bat besterik ez dio eman nahi, eta hori ere Maroko osorako prozesu baten barruan.