gun historikoa dute gaur martinikarrek. Lehen aldikotz herriari iritzia galdeginen zaio. Lehen aldikotz, martinikarrek bozkatzen ahalko dute beren estatutuari buruz. Bai ala ez, gaurko egunean departamendua eta eskualdea aldi berean den uhartearen kudeatzeko, hemendik goiti kolektibitate berri eta bakar baten sortzearen alde diren azaltzeko eskatuko die Frantziak. Esklaboen izerdiari esker aberastu zen Frantziaren kolonia izatetik, herriak bidea egina duen seinale. Gaia aho guzietan dabil. Herritarren %70ek dute bozkatzeko xedea erakutsia sondeoetan. Emaitza historikoa litzateke; izan ere, usaian, herriko bozentzat %40k dute bozkatzen, Europakoentzat %13k.
Historikoa bai, baina hala. Horien artean, %40k ez dakite oraino zer bozkatu. Baietzak gehiengoa lortuko duela badirudi ere, hautetsien gehiengoa baietzaren alde dela, kontrakoek beren ahotsa azkarki entzunaraztea lortzen dute; Martinikako Indar Aurrerakoiak alderdi eskuindarren gisara, adibidez. Bazterrak nahasteko erabiltzen dute bereziki beren boza, dudak sortuz, bereziki estatutu horren funtsa zehatza ez dela jakina erranez,baita independentziarako bidea hartzea dela gehituz. Eta martinikarren gehiengoak independentziarik ez du nahi. Herritarrek berek nabarmentzen dute informazio eskasa. Pausatua den galdera bera hain da zehatza, non ulergaitza bilakatua den. Besteak beste, Frantziako Konstituzioaren 73. artikulua aipatzen da sei lerroko galdera horretan. Baina legea zinez errespetatzeko, ez zitekeen sinpleago egin. Gainera, urriaren erditsuan jakin dute abenduaren hastapen honetan izanen zirela bozak. Eta kanpaina bera orain dela aste pare bat da zinez hasi, nahiz eta estatutu aldaketaren gaia aspalditik aipatua den. Proiektua bi hitzetan esplikatzea zaila denez, guzia esloganen bidez adierazia da. Guzia eta bere kontrarioa entzun daiteke. Baietzaren aldekoen eskuorrietan, adibidez, estatutu berria funtzionarioentzat ona izanen dela irakur daiteke, eta ezezkoaren aldekoetan alderantzizkoa diote, hau da, funtzionarioek anitz galtzeko dutela.
Argudio kontrajarriak
Dena den, funtsean, galdeketa bat da soilik, Frantziako Gobernua ez da herritarren boza segitzera behartua. Guadalupen ere bozkatze bera dute gaur. Ez da Korsikan bezala, erreferendum bat, baizik eta galdeketa soil bat. Badirudi Martinikan eta Guadalupen ez dutela erreferendumik merezi, hala ikusten dute herritarrek. Galdeketaren emaitza baietza bada, Brigitte Girardin Itsasoaren Bestaldeko ministroak hitzeman duke proiektua diputatuen aitzinean aurkeztuko duela, Gobernuaren proiektu bezala. Baina Martinikaren bozka kontuan hartzera ez dira bortxatuak diputatuak. Soilki presio bat sor lezake. Guadalupe eskualdean, adibidez, aurka bozkatzen balute, diputatuek aitzakia bat ukan lezakete aferari segidarik ez emateko. Eta, funtsean, Frantziak ez du halako interesik Martinikari autonomia askorik ematea, beretzat gune estratikoa delako, AEBetatik hain hurbil, bereziki alde militarretik begiratuta. Hori dela eta, galdeketa historikoa bada ere, emaitza hor nonbait galduko litzateke.
Hala eta guziz ere, herritarrek erabat bere egiten dute eztabaida, funtsezkoa baita. Alabaina, ipurdia bi kaderen artean dutela badirudi. Frantziatik 7.000 kilometrora badira ere, beren uhartea oraino metropoliaren zati bat da soilik, itsasoaren bestaldekoa baldin bada ere. Frantziari lotuak dira martinikarrak, batez ere Frantziaren sosari. 1946a arte kolonia bat zen Martinika, urte horretan ez zuten independetzia hautatu; Frantziari lotua segitzea erabaki zuten.
Frantziaren eta Kariberen artean ezin hauta
Inguruko auzoei begira, biztanleka aberastasun handiena martinikarrek dute. Osagarriaren aldetik, Frantzian jarri eritasun asegurantzaz goza dezakete, baita langabezian direnek gutieneko errentaz ere.
Martinikako Ecomuseoan lanean ari den Claudetten gisara, pribilegio horiek ez dituzte galdu nahi. Baietz bozkatzea erabaki du, politikariei «konfiantza egitea» hautatu baitu, baina ez luke urrunago joan nahi. Hura bera, pertsonalki, ez baita Frantziarekin loturak haustekoaren alde: «Gure lehen auzoa Santa Luzia uhartea dugu. Independetea da, eta miserian daude. Nik ez dut halakorik nahi. Martinikara jitea behartuak dira lana aurkitzeko. Gu hemen ontsa gara, dirua badugu, ez da, ez, bikaina, baina nahiago dut egoera honetan egon ez eta gure auzoa bezala pobrezia batean sartu». Martinikarra eta frantsesa sentitzen da. Nahiz eta irriño batekin ahoan erran. Kreol hizkuntza mintzo baita beltzarana, eta Frantziara bizitzera joaten balitz, metropolira haiek dioten bezala, ongi baitaki ez dela frantses baten gisa hartua izanen. Metropoliko prentsak ere arras urrundik segitzen du galdeketa, ez dio kasik, ez bada batere. Baina, hori bai, hemengo telebista pizterakoan, Parisen zer aro den jakin daiteke. Saltegietan ere ekoizpenak handik datoz. Martinikako ekoizpenen %97 inportatuak dira. Dependentzia ekonomikoa begi-bistakoa da. Eguberri ixtantean dugula, izaiak non-nahi eros daitezke, baita bizar zuriak eta elur faltsua ere; alta, 30 gradu daude udan sartzen ari den uharte honetan. «Auzoetako uhartera joaten naizelarik, frantses handia deitzen naute. Halako haustura bat badago gure artean. Alta, ni karibearra sentitzen naiz, baina Karibeko uharteen batasun horretan, aparte jarriak gaude», damutzen da Jean-Marc Pulvar Radio Caraibeko kazetaria. Kreol hizkuntza galtzear zegoela orain dela zenbait urte, hizkuntza desbaloratuz, orain azkartzen dabil. Baina Administrazioak ez du jendartearen eskaera horri oraino erantzun egokirik egiten. Ikastetxeetan eskas handiak daude oraino. Eta horretan dihardute herritarrek.
MARTINIKA. Galdeketa historiko herabea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu