Siria

Martxoan konstituzio berria bozkatzeko galdeketara deituko du Al-Assadek

Konstituzioa eginda egon arte itxaroteko eskatu du, eta  iragarri du hori onartuta gobernu berria izango dela hilabete batzuen buruan. Liga Arabiarra nazioarteko potentzien esanetara ari dela salatu du Al-Assadek, eta "mundu arabiarraren porroten ispilua" dela. Siriako presidenteak adierazi du azken hilabeteetako istiluek "orbain gogorra" egin diotela bihotzean.

2012ko urtarrilaren 10a
15:00
Entzun

Baxar al-Assad Siriako presidentea herritarrei mintzatu zaie gaur goizean, eta  iragarri du martxoan konstituzio berria bozkatzeko galdeketara deituko dituela. Gainera, "indar politiko guztiak" bilduko dituen gobernuaren alde egin du Al-Assadek, eta, horregatik, Konstituzioa eginda egon arte itxaroteko eskatu die siriarrei. 

Siriako presidenteak adierazi du nazioarteko potentziak Liga Arabiarra erabiltzen ari direla "Siriako kontuetan muturra sartzeko". Gaineratu du Siriak irabaziko duela "gerrako trafikanteen aurrean" baturik segitzen badu.

Liga Arabiarraren "hipokrisia" salatu du, eta aurpegiratu die Sirian erreformak eskatzen dituztela baina euren herrialdeetan ez dituztela ezartzen. "Mediku batek zigarro bat erretzen duen bitartean bere gaixoari gehiago ez erretzeko eskatzea bezala da". Haren hitzetan, Liga Arabiarra "mundu arabiarraren porroten ispilua" da.

Zuzenean mintzatu da Al-Assad telebistaz, eta esan du herrialdean izaten ari diren istiluek "orbain gogorra" egin diotela bihotzean. Salaketak salaketa, nabarmendu du Liga Arabiarreko behatzaileak onartu dituela. Oposizioak porrot egin duela esan du, eta berak ez dituela bere ardurak saihestuko; herritarren babesa duela erantsi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.