Irlandako hauteskundeak heldu den martxoaren 11n eginen dira. Brian Cowen lehen ministroak zehaztu du data azkenean, eta epe muga horri begira mugimendu politikoak egiten hasi da. Sei ministrok dimisioa eman dute—bortzek atzo, eta bertze batek iragan asteartean—, eta horien lekua betetzeko ez du gobernu aldaketarik egin; bertze ministerioetako buruei eman dizkie karguak. Dimisioa eman duten ministroek jakinarazi dute ez direla hurrengo bozetara aurkeztuko. Irlandako hedabideen arabera, FF Fianna Fail alderdiaren estrategia dira mugimendu horiek, bozei begira Cowenen eta hark zuzendutako gobernuaren itxura hobetzeko. Halakorik espresuki ukatu du lehen ministroak.
Cowenek azken bortz dimisioak publiko egin ondotik eman du bozen dataren berri Dublingo Parlamentuan eginiko agerraldian. Bertan adierazi duenez, Gobernuaren lehentasuna da bozak baino lehen 2011rako aurrekontuak onartzea, EB Europako Batasunaren eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren 65.000 milioi euroko diru-laguntza eskuratzeko.
Oposizioaren kritikak
Oposizioko alderdi nagusi Fine Gaelek espero du Parlamentuak «sinesgarritasuna, errespetua eta duintasuna» berreskuratzea bozen ondoren. Alderdi Laboristak, berriz, pozik hartu du bozen data jakitea, baina Cowenek «sinesgarritasuna» galdu duela dio. Sinn Feinen iritziz, jarduneko ministroek behar zuten «azken gauza» ardura gehiago hartzea da.
Martxoaren 11rako antolatu dituzte hauteskundeak Irlandan
Sei ministrok dimisioa eman dute; Cowen lehen ministroak bertze ministerioetako buruei eman dizkie karguak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu