Pedro Sanchezek jarri du inbestidura saiorako data. Martxoaren 2an izango da, asteazkena. Hala iragarri du Kongresuko presidente Patxi Lopezekin egindako bileraren ostean. Ordea, lehen bozketan gehiengo osorik lortu ezean, bigarren saioa martxoaren 5ean egingo litzateke, eta hor nahikoa luke gehiengo sinplea lortzea.
Egun horretarako babes nahikoa biltzeko, Podemoseko buru Pablo Iglesiasekin biltzekoa da gaur Sanchez, balizko gobernu akordioa lortzeko asmoz.
Iglesiasekin duena ez da, hala ere, Sanchezek gaurko duen hitzordu bakarra. Horrez gain, ERC Esquerra Republicana de Catalunyako eta CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko ordezkaritza banarekin ere bilduko da PSOEko burua, nahiz eta zehaztu duen ez duela haiekin inolako akordiorik adostuko.
Hirugarren aukera
Sanchezek bi saioetan nahikoa babesik lortu ezean, bozak aurreratuko lirateke. Legediaren arabera, martxoaren 5eko bozketan gehiengo sinplea lortuko ez balu, bi hilabeteko epean Kongresua desegingo litzateke maiatzaren 3an, eta hauteskundeak ekainaren 26an egingo lirateke.
Azken inkesten arabera, ordea, Podemosi soilik egingo lioke mesede bozak aurreratzeak. Izan ere, PPk lehen alderdia izaten jarraituko balu ere, lau eserleku galduko lituzke Kongresuan, eta PSOEk, sei; Podemosek, berriz, sei diputatu gehiago eskuratuko lituzke.
Kontsulta hilaren amaieran
Sanchezek iragarri moduan, PSOEko militanteek balizko gobernu akordioen gaineko iritzia eman ahal izango dute, ziurrenik otsailaren 27an egingo duten galdeketan. Dena den, alderdiko buruzagitzak ohartarazi du kontsultaren emaitza ez dela bete beharrekoa izango, eta, beraz, Batzorde Federalak hartuko duela azken erabakia otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran egingo duten bileran.
Balizko akordioak
Podemoseko Pablo Iglesiasek iragarri du bere esku dagoen guztia egingo duela koalizioa ahalbidetzeko, eta lehen urratsa izango da PSOEko negoziazio taldearekin biltzea gaur arratsaldean bertan.
Bitartean, C's ezinezkotzat jo du Podemosekin inolako akordiorik izenpetzea, eta ohartarazi dio PSOEri "hobe" duela gobernukideak "ondo" aukeratzea. "Nahi duenarekin bildu daiteke Sanchez, baina ez ditzala aurretik PPk eta PSOEk egindako akatsak errepikatu, eta ez dadila nazionalistekin elkartu", ohartarazi du Ciudadanoseko komunikazio arduradun Fernando de Paramok.