kataluNIA

Mas: "Espainiak Katalunia nazio gisa aitortzen badu, gauza asko konpon daitezke"

Generalitateko presidentea Madrilgo hitzaldi batean izan da goizean. Haren arabera, Kataluniak estatu bat bezalako tresna behar du. "Bartzelonako manifestaziora joandako jendeak esan zuen horrela ezin dela segitu eta proiektu propio bat formulatzeko garaia dela".

2012ko irailaren 13a
13:02
Entzun

"Espainiak Katalunia nazio gisa aitortzen badu, hortik aurrera gauza asko konpon daitezke". Hala esan du gaur goizean Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak Madrilen, Nueva Economia Forum-ek antolatutako hitzaldian. Haren arabera, Espainiaren eta Kataluniaren artean "neke sentimendu bat" dago egun. "Kataluniak ahal duen gehien laguntzen du, eta Espainiak pentsatzen du Katalunia beti eskatzen eta kexatzen dabilela". Horrek konponbide bat behar duela iritzi dio Masek.

Atzo, Bartzelonako manifestazio independentista arrakastatsuaren biharamonean, "estatu egiturak" eraikitzen joateko konpromisoa hartu zuen Generalitateko presidenteak, lehentasuna "burujabetza fiskala" izanik. Madrilen adierazi du horrek ez duela esan nahi Katalunia "mendira igoko" denik; "Kataluniak estatu bat bezalako tresna bat behar duela ulertzen hasteko garaia da".

Katalunian "gertatzen ari dena" kontuan hartzeko eskatu du. "Manifestaziora joandako jendeak esan zuen horrela ezin dela segitu eta proiektu propio bat formulatzeko garaia dela". Bartzelonako aldarriarekin bat egiten duela berretsi du Madrilgo hitzaldian.

Gaur zortzi Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearekin bilduko da, itun fiskalari buruzko proposamenaz hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.