Katalunia

Mas: "Madrilekiko negoziazioek ez diote eragingo Kataluniaren prozesu subiranistari"

Kataluniako presidentearen esanetan, Mariano Rajoy Espainiakoarekin izandako elkarrizketek "ez dute norabidez aldatuko" Kataluniako burujabetzarako bidea, bien jarrerak "ezin desberdinagoak" diren arren. Hala ere, gogora ekarri du defizit muga "modu bidezkoagoan" banatzeko, ezinbestekoa dela Madrilekin hitz egiten jarraitzea.

Samara Velte.
2013ko apirilaren 3a
17:12
Entzun

Bere bigarren agintaldiko lehen ehun egunen balorazioa egin du gaur goizean Artur Mas Kataluniako presidenteak. Testuinguru ekonomikoak ezinbestean baldintzatutako hiru hilabete izan direla azpimarratu du: "Europako politika ekonomikoek menderatutako urtea izaten ari da". Horregatik, ekonomia eta finantza publikoak egonkortzea da Kataluniako Gobernuaren lehentasuna, baina proiektu subiranista alde batera utzi gabe.

"Batzuen ustez zerikusirik ez duten bi gai dira, baina erabat lotuta doaz", esan du Masek. Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoen zorra "bidegabeki" banatzen duela salatu du, eta partizio horretan Kataluniari zatirik okerrena egokitu zaiola: "Dagokiguna baino hiru bider gehiago murriztera behartzen gaituzte".

Finantzak epe laburrean suspertzeko bide bakarra banaketa hori aldatzea delakoan da Kataluniako presidentea, eta horretarako beharrezkotzat jo du Madrilekin negoziatzea. Mas eta Rajoy Aste Santua baino lehen bildu dira hedabideei berri eman gabe: ekonomia berpizteaz eta prozesu subiranistaz mintzatu dira batez ere. Madril prest agertu da autonomia erkidegoen finantzazio eredua berriz aztertzeko, baina Masek ukatu egin du hori bere negoziazioen ondorio denik, eta are gutxiago, horrek prozesu subiranistari eragingo dionik: "Kataluniako Parlamentuaren eta gizartearen gehiengo zabal baten nahia da independentziari buruzko galdeketa 2014an egitea, eta guk konpromisoa hartua daukagu".

Hala ere, "badira Madrilekin negoziatuta soilik lor daitezkeen gauza batzuk", eta horien artean da defizitarena. Horregatik, Rajoyrekin negoziatzen jarraitzeko beharra azpimarratu du: "Elkarrizketara behartuta gaude, gure programan, gobernu itunean eta parlamentuko adierazpenean jasotzen denez". Aurten horretan saiatuko direla esan du, eta gero, "ikusi beharko direla emaitzak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.