Ferran Mascarell PSCko kidea izango da Kataluniako Generalitateko Kultura kontseilaria, gaur jakin denez. Artur Masek (CiU) eskaini zion postua lehengo ostiralean, eta baiezkoa eman dio, CiUko iturriek jakinarazi dutenez. PSCk azaldu du Mascarellen "erabaki pertsonala" izan dela eta alderdiak ez duela zerikusirik.
Maragall Generalitateko lehendakari izan zen garaian ere (2003-2006) Kultura kontseilari izan zen Mascarell, eta Bartzelonako Udalean ere alor horretan batzordeburu izana da.
"Onenen gobernua" lortu nahi du CiUk eta, Mascarell alderdikoa ez izan arren, haren bila "ona" delako joan direla adierazi dute Masen kideek. CiUk uste du sozialista hark PSCren egungo politikarekin desadostasunak dituela eta PSCren ildo katalaneko partaideetakoa dela.
Beste hiru kontseilari izendatu ditu
Mascarell-ez gain, dagoeneko beste hiru kontseilari izendatzea ere erabaki du Artur Masek. Francesc Xavier Mena irakaslea Enpresako kontseilari izendatu du. Osasun kontseilaria Boi Ruiz izango da, Kataluniako Ospitaletako Patronaleko presidentea da egun. Justizia kontseilaria, berriz, Pilar Fernandez Bozal, Estatuaren Abokatu izandakoa ezarri du.
Masek gaur egin dio zin karguari, eta Kataluniako Generalitateko lehendakari bihurtu da. Behin zin egin ondoren, Generalitateko jauregiaren balkoira irten eta eskerrak eman dizkie "egun garrantzitsu eta hunkigarri honetan" bertaratu diren guztiei. "Urte ona izan dezazuela. Nire herrialdeari, Kataluniari, zerbitzu on bat ematea espero dut". Visca Catalunya esnez amaitu du diskurtsua.
katalunia
Mascarell sozialista izango da Kataluniako Kultura kontseilari
Maragallen gobernuan postu berean izan zen. Beste hiru kontseilari ere izendatu ditu. Karguari zin eginda Artur Mas CiUko kidea gaur bihurtuko da Generalitateko lehendakari, 2003tik horren atzetik jardun ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu