Politika

Masek ez du "erabat" baztertzen Kataluniaren independentzia alde bakarretik aldarrikatzea

Kataluniako presidenteak adierazi du ez dela hori bere aukerarik gustukoena, baina ezin diola horri uko egin, "indarra galtzea" ekarriko lukeelako.

Artur Mas, atzo. TONI ALBIR, EFE
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 17a
08:22
Entzun

Ez da nahi dugun testuinguru ideala, ezta onena ere, ezta nahi duguna ere. Baina ezin dugu %100 baztertu, indarra galtzea ekarriko bailuke hain uko begi bistakoa egiteak", esan zuen atzo Artur Masek.

Masen ustez, subiranotasun proiektua ez da Kataluniako bizikidetza puskatzen ari, baina hori eragingo luke herritarrei galdeketa egiteko modua ez emateak. "Galdeketa debekatzea Kataluniaren existentzia ukatzea da. Bizikidetzarako, boza ematea ez da arriskutsua; bai, ordea, boza emateko biderik ez izatea".
Madrilekin hitz egitea ezinezkoa dela deitoratu du, baina "atzera egitea" ez da aukera bat: "Oker larria litzateke".

Zenbaitek Kataluniako independentziaren prozesua Krimeako galdeketarekin parekatu nahi duela adierazi du Masek, eta esan du bi prozesuak ez direla parekagarriak. Masen ustez, bien arteko alde nabariena da, besteak beste, Krimean indarkeria dagoela, eta ez dela "giro baketsurik" nabari.

2015eko Sant Jordi eguna, "egokiena"

ANC Biltzar Nazional Katalanak 2014-2015 urteetarako txostena prestatu du, eta bertan jaso du independentzia aldebakartasunez aldarrikatzeko proposamena. Izatez, ANCk jada data ere jarri dio aldarrikapenari: 2015eko apirilaren 23a, Sant Jordi eguna Katalunian. Oraingoz, baina, asmoa besterik ez da: apirilaren 5ean erabakiko dute biltzarkideek hori onartzen duten edo ez. Gainera, ANCren iritziz, edozein kasutan, Kataluniako instituzioek izan behar dute aldarrikapena egin beharko luketenak. 

Printzipioz, Espainiako Gobernuak erreferenduma debekatuko balu, independentziaren aldarrikapenaz gain, "subiranotasun ariketak" egitea proposatuko du ANCk apirileko biltzarrean, Kataluniaren funtzionamendu "guztiz independentea" ikusarazteko: "Azpiegitura handiak kontrolatuz —portu eta aireportuak—, segurtasun publikoa eta komunikazioak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.