Masen arabera, azaroaren 25eko hauteskundeetako parte hartze altuak —%70etik gorakoa izan zen— erakusten du Kataluniako herritarren "bizitasun eta heldutasun demokratikoa", herritar gehienek "herrialde berri bat eraiki" nahi duten seinale. Urte berrian, Kataluniako gobernuaren helburua izango da herritarren ongizate "material, zibiko eta espirituala" bermatzea: "Gure historian erabateko garrantzia duten orriak idaztear gaude, herrialde hobe batean bizitzera eramango gaituen konbentzimenduz".
Masen inbestidura babestu duen ERCko buru Oriol Junquerasek hitz eman du ahal duen guztia egingo duela CiUren gobernuak promesa horiek bete ditzan, eta Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa, adostu bezala, 2014ean egin dadin. Hala ere, ohartarazi du "ezin saihestuzkoa" izango dela murrizketa gehiago egitea.
PSCk eta ICVk ez diete sinesgarritasunik aitortu Masen hitzei. PSCko Jaume Collboni eledunarentzat, gizarte ongizateari buruz esandakoak aurreko agintaldian hartutako neurrien aurka doaz erabat. Dolors Camats ICVko bozeramailea ere antzeko mintzatu da: "Kataluniak hastea erabaki duen proiektu nazionalak kohesio sozial handia eskatzen du, eta Artur Masek hori egunero jartzen du kolokan, 4.000 milioi euroko murrizketak ekarriko dituzten aurrekontuak onartuta". Camatsen hitzetan, herritarren ongizateak ezin du estatu berri baten sorrerara arte itxaron.