KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Masek irailaren 27ko bozetara deitzeko dekretua sinatu du

Kataluniako Gobernuko presidenteak dei egin die alderdiei hauteskundeetara herrialde horrentzako duten proiektua aurkez dezaten, eta azpimarratu du Espainiako Gobernuaren jarrerak eraman duela bozetara deitzera. Kataluniako Parlamentua aukeratzeko ohiko hauteskundeak izango diren arren, independentziaren aldeko indarrak neurtzeko balioko dute.

Artur Mas, hauteskundeetara deitzeko dekretua izenpetzen. TV3
Ainhoa Oiartzabal - Jon Olano
2015eko abuztuaren 3a
21:32
Entzun

Hasi da atzerako kontaketa. Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetara deitzeko dekretua izenpetu du Artur Mas Generalitateko presidenteak, eta 54 egun geroago egingo dira bozketak. Berez, parlamentua aukeratzeko bozak izango dira, baina, praktikan, independentziaren aldeko indarrak neurtuko dituzte. Espainiako legeak beteta antolatuko dituzten arren, hauteskunde plebiszitarioak izango dira, nahiz eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak garrantzia kendu

CDC, ERC, ANC eta Omniumek aurkeztutako zerrenda bateratutak (Junts Pel Si) eta CUP alderdiak —bere aldetik aurkeztu da— independentziaren aldeko botoa jasoko dute; haien aurrez aurre izango dira PP, PSN eta Ciutadans alderdiak. Tartean geratuko dira Podemos eta beste zenbait eragile.

Irailaren 11ko gauerdian —Diadarekin, beraz— hasiko da hauteskunde kanpaina, dekretuan bertan ageri denez.

Parlamentua desegin eta bozetara deitzeko dekretua sinatu ostean, adierazpen instituzionala egin du Masek. Azpimarratu du Kataluniaren etorkizun politikoa erabakitzeko borondatea argia izan dela eta hori bideratu nahi izan duela, baina Espainiako Gobernua ez dela hori adosteko prest azaldu. Jarrera horren ondorio da hauteskundeetara deitu izana, Masen esanetan.

Katalunia "milaka urteko nazioa" dela eta "erabakitzeko eskubidea irabazi duten herritar libreek" osatzen dutela azpimarratu du.

Erreferenduma

Junts Pel Si (Elkarrekin baietzaren alde), Katalunian irailaren 27ko bozetan independentziaren alde egingo duten alderdien eta eragileen zerrenda bateratua, hauteskundeak erreferendum bihurtuko dituen tresnatzat jo dute bultzatzaileek. "Irabazten badugu, parlamentuak independentzia aldarrikatuko du", adierazi du Raul Romeva zerrendaburuak.

Romevak hitzeman du herritarrek irailaren 27an emandako mandatua azkeneraino eramango dutela, "nola edo hala". 

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko galdeketa konstituzioaren kontrakotzat jo eta gero esan zuen Masek irailaren 27ko hauteskundeen izaera plebiszitarioa indartu egiten zela. 

CiU, prozesuaren biktima

Gaur arteko prozesua bizia izan da Katalunian. 37 urteren ondoren, Uniok CiUtik alde egin eta utzi egin zuen Kataluniako Gobernua. Irailaren 27ko hauteskundeei begirako bide orrian ondo ezkontzerik ez dute lortu Artur Masek eta Josep Antoni Duran i Lleidak.

Hauteskunde plebiszitarioetara elkarrekin joatekotan, independentziaren aldeko jarrera argi bat adierazteko baldintza jarri zion Convergenciak Uniori; hain justu, Unioko militanteek hobetsi berri zutelarik, barne bozketa batean, burujabetzarako urrats oro lege barruan egitea eta alde bakarreko independentzia adierazpen bat baztertzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.