Artur Mas Kataluniako presidenteak Molins de Rein (Bartzelona) emandako koferentzian irailaren 27ko hauteskunde plebiszitarioetarako CDCren ildo nagusiak azaldu ditu. Generalitateko buruak subiranotasunaren aldeko eragile zibilak gonbidatu ditu zerrenda bakar batean parte hartzera, alderdiez kanpoko batasuna lortzeko. "Egin dezagun batasuna gizarte zibiletik eta subiranotasunaren aldeko eragiletik. Batu gaitezen nahi dugun alderdiak". Zerrendaburu ez jartzeko aukera ere proposatu du. "Ezartzen didaten rola beteko dut".
Mukuru bete da Foment Cultural i Artistic egoitza, eta jarraitzaile askok kalean geratu behar izan dute. Kolpe efektu bat eman, eta prozesuaren gidaritza hartu nahi izan du Masek CDC alderdiaren Benviguts al futur (Ongi etorriak etorkizunera) kanpainaren hasierarekin.
Batasun eskaera ez dago alderdiei zuzenduta, horiek dagoeneko baztertu baitzuten zerrenda bateratu batean aurkeztea, Masek proposatu moduan. ANC Biltzar Nazional Katalana, Omnium Cultural, AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartea eta Erabakitzeko Eskubidaren Aldeko Itun Nazionala osatzen duten eragileak inguruan bildu nahi ditu Masek.