Aslan Maskhadov Txetxeniako presidente independentista hil zutela iragarri zuten atzo Errusiako indar armatuek. Maskhadov 1997ko bozetan hautatua izan zen, baina Txetxeniako bigarren gerra hasi zenetik ezkutuan bizi zen, eta erresistentzia indarren agintari gorena zen. Joan den urtarrilean, gatazkari irtenbide baketsu bat aurkitzeko xedez, su-eten eskaintza bat egin zion Moskuri; Kremlinek, aldiz, arbuio egin zion proposamenari. Maskhadoven hilketaren berriari ihardukita, haren nazioartekoordezkari Akhmed Zakaievek ohartarazi zuen erresistentziak aurrera jarraituko duela.
Ipar Kaukason Errusiako Armadaren eledun Ilia Shabalkin jeneralak zuen lehendabizi Maskhadoven hilketaren berri eman. «Baieztatzen ahal dut Maskhadov hil dela Tolstoi-Jurt herrian gertatutako borrokaldi baten ondorioz», adierazi zuen Shabalkinek, «herri honetako etxe baten azpialdean eraikitako bunker batean ezkutatzen zen». FSB zerbitzu sekretuetako eta Barne Ministerioko indar bereziek burutu zuten Maskhadoven hilketa. Shabalkin jeneralakemandako informazioen arabera, Errusiako segurtasun indarrek Txetxeniako presidentea ezkutatuta zegoen lekuaren berri jakin zuten, duela zenbait egun atxilotuak izan ziren bi gerrillari txetxeniarren ahotik. FSBko buruzagi goren Nikolai Petrutxevek zion Txetxeniako presidentearen heriotzaren albistea baieztatu Vladimir Putin Errusiako presidenteari, esanez Maskhadov «nazioarteko terrorista» hil zela segurtasun indarrek burututako ekitaldi batean, eta haren laguntzaile batzuk atxilotu zituztela. NTV telebista kateak zabaldutako irudi batzuetan gorpu bat ageri zen eta aurpegia Maskhadovena zela zirudien.Txetxeniako hiriburu Groznitik hamar bat kilometrora kokatua den Tolstoi-Jurt herrian gertatu zen hilketa. Herri horretan bertan segurtasun indarrek gerrillari txetxeniarren erasoaldi egitasmo bat galarazi zutela zehaztu zuen Shalbakin jeneralak. Honen arabera, gudukari independentistek Moskuren alde dagoen Txetxeniako gobernuaren ordezkaritzari eta honen manupeko polizia-etxeari zein miliziaren kuartelari oldar egiteko asmoa zuten.
Gatazka hedatzeko arriskua
Maskhadoven heriotzaz poztu bazen ere, txetxeniar «gaizkileen» aurkako ahaleginak areagotu behar zituztela adierazi zuen Errusiako presidenteak. «Badago han lan asko egiteko oraindik eta ahaleginak areagotu behar ditugu Errepublika horretako zein Federazioko biztanleak gaizkile hauetatik babesteko» esan zuen Putinek. Tolstoi-Jurteko ekitaldian parte hartu zutenei ohorezko domina bat emango diete.
Maskhadov hilda ere barealdirik ez dela izango ohartarazi zion, aldiz, Akhmed Zakaievek:«Erresistentziak aurrera jarraituko du. Kolpe larririk pairatu izan dugu aurretik ere, hala nola Dudaiev presidentea hil zutelarik». Txetxenia burujabeko lehenengo presidentea izan zen Jokar Dudaiev Errusiako Armadak hil zuen 1996ko apirilean, Txetxeniako lehenengo gerra denboran, misil baten bidez. Zakaieven iritzian, Maskhadoven hilketak egoera larriago egingo du Ipar Kaukason. «Maskhadov moderazio eragile bat zen Txetxenian; gatazka Ipar Kaukaso osora heda ez zedin ahaleginetan zebilen; hemendik aurrera, berriz, egoera erabat kontrolaezina bihur daiteke, bai Txetxenian, baita Ipar Kaukaso osoan ere».Maskhadovek, hain zuzen ere,Txetxeniako gatazkari irtenbide baketsu bat emateko xedez, su-eten eskaintza bat egin zion Moskuri, iragan urtarrilean. Menia proposamen honen epea joan den otsailaren 23an bukatu zen, baina Kremlinek berehala arbuio egin zion, Maskhadov «terroristarekin» hitz egiteko asmorik ez zuela azalduta. Maskhadovek, haatik, bakearen aldeko eskaintzari eutsi zion geroztik ere, eta ziurtzat eman zuen «Putinekin bekoz beko ordu erdi batez hitz egiteko aukera izanez gero, Txetxeniako gerra geldiaraz zitekeela. Errusiako Gobernuak «gezurrezko informazioak» jasotzen ditu haren manuetara dagoen Txetxeniako gobernuaren eskutik, Maskhadovek zioenez. Txetxeniarren zenbait hedabideri adierazi zienez, ez zuen ustez 30 minutuko elkarrizketa eskaeraren berri bazuenik Vladimir Putinek.
TXETXENIAKO GATAZKA
Maskhadov presidentea hil dutela iragarri dute Errusiako indar armatuek
Antza, bunker batean babestuta zegoen, Tolstoi-Jurt herrian; independentisten ordezkari Akhmed Zakaievek ohartarazi du erresistentziak aurrera jarraituko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu