MATXINADA UZBEKISTANEN. Andijon hirian milaka preso askatu eta protestak hasi dituzte matxinoek

Lekukoen arabera, soldaduek manifestarien kontra tiro egin eta dozenaka lagun hil dituzte

ERREDAKZIOA
2005eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kirgizistango mugaren ondoan dago Andijon. Fergana bailaran. Bertan babesten dira independentzia aldarrikatzen duten talde islamistak. Kirgizistanekin eta Tadjikistanekin partekatzen du bailara Uzbekistanek. Andijon bailarako hiri handiena da eta herrialdeko hirugarrena. Orotara 400.000 pertsona bizi dira. Kirgizistango Tulipanen iraultza mugak gainditu eta ondoko herrialdeetara zabalduko zen beldur ziren agintari komunista ohiak. Sobiet Batasunekoak izandako herrialdeetan garai komunistatik agintean dauden politikarien kontrako laugarren iraultzaren hasiera izan litekeatzo gertatutako matxinada.

Herenegun gauean matxinoek hiriko kartzelan sartu, ateak ireki eta milaka preso askatu zituzten 2.000 eta 4.000 artean. Gehienak preso politikoak ziren, eta tartean aste honetan bertan epaitzen hasi diren hogeita hiru presoak zeuden. Aste osoan hainbat ekintza egin dituzte hirian, aske jar zitzaten eskatzeko. Islam Karimov presidentea agintetik botatzeko ekintza prestatzen ari izana leporatu zieten gazte islamistei. Senideek legez kanpoko epaiketa egiten ari direla eta eurek ere mehatxuak jaso dituztela salatu dute. Valijon Atakhonjonov presoetako baten anaiak herritarrak agintarien kontra matxinatu direla esan zuen: «Boterean aldaketa bat aldarrikatzen ari gara». Jazrantkul Judybrdiel oposizioko buruzagiaren ustez, bestalde, herriaren alde egiteko garaia da.

Kartzelan sartu aurretik soldaduen biltegi batean sartu eta armak hartu zituzten matxinoek. Presoak eta matxinoak hiriko plazara joan ziren ondoren. Bidean antzoki bat eta zinema areto bat erre zituzten. Gobernuaren egoitzan sartu eta hainbat militar bahitu zituzten. Soldaduek egoitza inguratu eta hainbat orduz tiroketa egon zen matxinoen eta soldaduen artean. Iluntze aldera egoitzara sartu eta bahituak askatzea lortu zutela jakinarazi zuen Armadak.

Demokraziarik eza

Herritarrak erruz atera ziren kalera eta plazan bildu ziren, protesta egiteko. Justizia eta demokrazia aldarrikatzen dute. Uzbekistango herritarren egoera ez da makala. Pobrezia handia, eta eta langabezia tasa ere bai. Matxinadaren buruzagi Sharif Shakirovek webgune batean jakinarazi zuenez, «herria nazkatuta eta etsita dago miseria, injustizia eta jazarpenarekin».

Soldaduek, hainbat informazio iturriren arabera, manifestarien kontra tiro egin eta «dozenaka» pertsona hil zituzten, tartean emakumeak eta haurrak. Saidzhajon Zaynabitdinov giza eskubideen aldeko ekintzaileak adierazi zuenez, «jende mordoa» hil zuten. Tiroketetan 50 pertsona hil eta ehunka zauritu zirela jakinarazi zuten beste iturri batzuek. Agintarien arabera, bederatzi pertsona hil eta 34 zauritu ziren. Hiria «lasai» zegoela eta kaleetan ez zela tiro hotsik entzuten eman zuen aditzera Poliziak. Plazan bildutako manifestari kopuruaren inguruan ere datu nahasiak iristen ziren. Bertan 15.000 eta 50.000 manifestari artean zeudela, iturria zein zen.Presidentea hirira joan zen matxinoekin negoziatzeko asmoz, baina, antza denez, ez zuen akordiorik lortu. 1989. urtean iritsi zen agintera Islam Karimov (Samarkand, 1938). Uzbekistango Alderdi Komunistako idazkari nagusia izan zen. Sobiet Batasunetik independizatu ondoren berretsi zuten agintean. Giza eskubideak urratzea, tartean torturatzea; prentsa eta adierazpena askatasunak ez bermatzea, eta oposizioko kideak atxilotzea leporatzen diote.

-

TASHKENT



Pertsona bat hil dute ekintzaile suizida zelakoan



Israelek alerta egoera ezarri zuen atzo mundu osoko enbaxadetan. Uzbekistango enbaxadaren aurrean izandako gertaeraren ondoren hartu zuten neurria. Tashkent hiriburuko enbaxadaren aurrean pertsona bat hil zuten soldaduek ekintzaile suizida bat zelakoan. Uzbekistanen uda garaia izanda neguko beroki luze bat zeraman pertsona batek soldaduen arreta beregatu zuen. Gelditzeko agindua eman eta gelditu ez zenez tiro egin zioten. Hasieran hanketan eta ondoren gorputzean egin zioten tiro soldaduek. Gerora egiaztatu ahal izan zuten ez zuela lehergailurik aldean. Lekukoen arabera, eskale bat zen.

Israelen eta Ameriketako Estatu Batuen enbaxaden aurrean hainbat eraso suizida izan ziren iaz Tashkenten. Orotara bost pertsona hil ziren. Islam Karimov presidente komunistari babesa ematea leporatzen diete talde islamistek Washingtoni eta Tel Avivi. AEBen aliatu nagusitako bat da Uzbekistan. Afganistango okupazioan hainbat base militar ezarri zituen bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.