MATXINADA UZBEKISTANEN. Liskarretan 300 bat pertsona hil eta milaka batzuek ihes egin dute

Istiluak eta protestak Kirgizistango mugara hedatu dira eta 4.000 bat uzbekek muga igaro dutela zabaldu da

2005eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Uzbekistanen egunotan izaten ari diren liskarrak eta protestak Kirgizistango mugaraino iritsi ziren atzo. Gobernuaren eraikinetara sartu, Poliziaren hainbat autori su eman eta mugazainei eraso zieten manifestariek. Gainera, milaka (4.000, iturri batzuen arabera) uzbekek muga igaro duten berriak iritsi ziren, hain justu, Uzbekistango Armadak Andijon hirian askatasuna eskatzen zuten herritarren kontra tiro egin eta dozenaka hil ondoren.

Andijondik ekialdera 20 bat kilometrora dagoen Korasuv herrian gertatu ziren atzo istilurik latzenak. Ibai batek herria eta Kirgizistan banatzen ditu. Mugako herri horretan Poliziaren eta Zerga bulegoei su eman zieten manifestariek, eta hainbat polizia auto suntsitu zituzten, Kirgizistango ofizial batek azaldu zuenez. Bitartean, Uzbekistango Armadako helikopteroak zebiltzan herri gainean. Islam Karimov presidenteak esan zuen «segurtasun lerroa» igarotzen saiatu ziren manifestariak gelditzeko tiro egitea beste aukerarik ez zutela izan soldaduek. Indarkeria «muturreko islamista kriminalei» egotzi zien Karimovek, eta haiek gutxienez 10 soldadu hil zituztela erantsi. Aitzitik, lekukoek esan zuten soldaduek gutxienez 200 pertsona armarik gabeko zibilak hil zituztela. Beste iturri batzuen arabera, aldiz, hildakoak 300 bat izan daitezke. Odol isurketa eta nahasmena handia izanagatik ere, edo agian horrexegatik, jendetza handia bildu zen atzo ere Andijongo kaleetan. Agintariei zein soldaduei Hiltzaileak deitu eta presidentearen dimisioa eskatu zuten. «Zer-nolako gobernua da hau? Jendeak besoak altxatu zituen armarik ez zuela erakusteko, baina, halere, soldaduek tiroka segitzen zuten», salatu zuen, haserre, manifestari batek.Andijongo auzitegi baten aurreko protestak aste hasieran abiatu zituzten, «muturreko islamismoaz» akusatutako 23 enpresabururen atxiloketagatik protestatzeko. Haatik, hasieran baketsuak ziren protestak bortitz bilakatu ziren, bai Poliziaren eta Armadaren bai manifestarien eraginez.

Bizi-baldintza hobeak nahi dituzte herritarrek

Protestagile gehienak Andijongo herritarrak dira, emakume zein gizonezko, zahar zein gazte, eta baita ume asko ere. Pobrezia eta bidegabekeria amaitzeko eskatzen dute; haien esanetan, eguneroko bizimoduaren ezaugarriak dira. Uzbekistango ekialdean langabezia tasa oso handia da eta gazte askok ikusten dute eskualdean ez dutela etorkizun handirik.

Gobernuak sarekada eta atxiloketa ugari egin ditu Andijonen, talde islamisten kontrako jazarpenaren haritik. Ehunka gazte atxilotu ditu eta aske utzi dituen askok tratu txarrak eta torturak salatu izan dituzte. Hauen hitzetan, jipoiak gauza arrunta dira kartzeletan. Ostiral goizaldean gizonezko armatu batzuek armak gertuko kuartel batetik hartuta preso ugari askatu zituzten, eta arratsaldeko manifestazioetan lehen lerroan egon ziren askatu berriak. Matxino armatuek hiriko hainbat administrazio bulego eta eraikin okupatu zituzten. Askatu berrien artean hiriko enpresaburu batzuk daude; Gobernuak Akramia talde islamistako kidetzat jo zituelako atxilotu eta zigortu zituen. Matxinoek aske utzitako enpresaburu batek, Abduvosid Egomovek, adierazi zuen haien asmoa ez dela Gobernua kentzea, «askatasun ekonomikoa lortzea baizik». «Orain bezala ez bizitzearren, hiltzeko prest gaude. Zaborra balitz bezala bizi da orain herri uzbekistandarra». Manifestariek salatu zuten ostiral iluntzean soldaduek hiriko plaza nagusian zebilen edonori egiten ziotela tiro. Atzo, aldiz, hainbat lekukok jakinarazi zuten soldaduak dozenaka gorpu kamioietan sartzen eta plazatik eramaten ikusi zituztela, senideei hilotzak jasotzea galarazi ondoren. Horrez gain, hainbat herritarrek sei gorpu atera zituzten abandonatutako eraikin ofizial batetik eta poeta uzbek bati eskainitako oroitarriaren oinean paratu zituzten. Uzbekistango Giza Eskubideen Erakunde Independenteko buru Lutfulo Shamsutdinovek esan zuen soldaduek 200 bat gorpu nola eramaten zituzten ikusi zuela berak. Bien bitartean, Karimov presidenteak islamistei egotzi zien indarkeriaren errua eta hau antolatu izana. «Garapen bide laikoarekiko gorrotoa dute», nabarmendu zuen. Gainera, matxinadaren buruzagiak Kirgizistan eta Afganistanekin telefonoz harremanetan egon direla esan zuen.Karimovek segurtasun neurriak zorroztu ditu iaz hainbat eraso suizida gertatu ondoren. Gobernuak islamistei leporatu dizkie eraso haiek, baina kritikoek salatu dute presidentea islamismoaren mehatxua erabiltzen ari dela oposizioari jazartzeko.

-

ATZERRIKO ESKAERAK



AEBek bi aldeei lasaitasuna galdegin diete



Uzbekistango protestagileei eta Gobernuari lasaitasuna eskatu zien atzo AEBetako Gobernuak, Etxe Zuriko eledun Scott McClellanen eskutik. «Uzbekistango herriak gobernu ordezkatzaileagoa eta demokratikoagoa nahi du. Baina hori modu baketsuan lortu beharko litzateke, ez indarkeriaren bidez». Diplomaziazko hitzak Tashkent aliatu politiko-militartzat duen gobernu baten ahotik; AEBek base militarra dute Uzbekistanen, 2001etik, Afganistango operazioak sostengatzeko. Gainera, petrolio esportatzailea da. Europako Batasunak, aldiz, giza eskubideak, pobrezia eta legeari arreta aski ez jartzea egotzi dio Uzbekistani.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.