•Martxoak 15. Bertze herrialde arabiarretako errebolten harira, milaka lagun elkartu ziren Siriako hiri garrantzitsuenetan aldaketa politikoa eskatzeko. Lehenbiziko protestak izan ziren. Hurrengo egunetan horiek ugaritu egin ziren, eta Poliziak eta armadak lehen manifestariak hil zituzten.
•Martxoak 25. Informazio ministroak adierazi zuen herrialdean «erabateko bakea» nagusi zela eta protestak «terroristek» antolatu zituztela. Hurrengo egunean dozenaka preso politiko askatu zituzten, gehienak islamistak.
•Martxoak 30. Bashar al Assad presidenteak nazioari mintzatutako lehen agerraldia egin zuen. Erreforma politikoak ez zirela lehentasunezkoak erran zuen.
•Apirilak 1. Siriaren menpeko kurduek lehen aldiz protesta masiboak egin zituzten. Handik sei egunera Gobernuak Siriako naziotasuna onartu zien kurduei. Gainerako herritarren eskubide berberak aitortu zizkien horrela.
•Apirilak 22. Estatuko indarrek gutxienez 112 lagun hil zituzten ortziraleko protestetan. Ordura arteko egunik odoltsuena izan zen. Handik astebetera, gutxienez 62 lagun hil zituzten herrialde osoan.
•Maiatzak 9. Europako Batasunak armen bahimendua ezarri zion Siriari. Hilaren 23an Al Assadi EBko herrialdeetara bidaiatzea debekatu zion, eta haren ondasunak izoztu zituen.
•Ekainak 3. Hama hirian gutxienez 80 manifestari hil zituzten estatuko indarrek.
•Ekainak 5. Turkiako mugako Idlib eskualdean erasoaldia hasi zuen armadak. Orduz geroztik gutxienez 11.000 errefuxiatuk ihes egin dute Turkiara.
•Uztailak 19. Hims hirian gutxienez hamalau lagun hil zituzten estatuko indarrek. Ehunka lagunek Hims utzi eta Libanora ihes egin dute han gatazka gogortu denetik.
•Uztailak 22. Poliziak eta armadak matxinada hasi zenetik lehenbiziko aldiz kurduen aurka jo zuen, Kamishli hirian.
•Uztailak 30-31. Armadak Hama hiriaren aurka jo zuen, erregimenaren aurkako indarrak nagusi baitziren han. Ehun lagun inguru hil zituen. Herrialdeko gainerako hirietan, berriz, gutxienez 42 lagun hil zituzten.
•Abuztuak 1. Hirugarren egunez jarraian armadak Hamari eraso zion. Gutxienez dozena erdi lagun gehiago hil zituen. Mendebaldeko herrialdeek erregimena gaitzesteko eskatu zioten NBEri, eta Segurtasun Kontseiluaren bilera eskatu zuten.
Matxinada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu