Erasoa Libian

Matxinatuen nahastea

Hasieran zabaldu dute euren gobernuko presidentea hautatu dutela: Mahmmud Yabril. Gero ezetz, "gaizki-ulertzea" izan dela. Gaddafiren soldaduek hamasei lagun hil dituzte gaur arratsaldean Misratan. Hillary Clintonek esan du "gertuko pertsonak" Gaddafirentzat irtenbide baten bila ari direla, babes eske, eta AEBek ondo ikusiko luketela iradoki du.

2011ko martxoaren 23a
19:11
Entzun

Libiako matxinatuen iturri batzuek eguerdian zabaldu dute euren gobernua eratu dutela, presidentea eta guzti izendatuz: Mahmmud Yabril. Haien arabera, honek izango zuen ministroak izendatzeko ahalmena.

Arratsaldean, ordea, Kontseilu Nazionalak argitu du hori ez dela horrela, "gaizki-ulertzea" egon dela oposizioan eta ez dutela presidenterik izendatu. Kontseiluak dio Yabril bera harritu egin dela eguerdiko albistearen berri izatean.

Gaddafi: "Azkenera arte egingo dut borroka"

Muammar Gaddafi Libiako agintaria ez dago amore emateko prest. Tripoli hegoaldean duen etxetik gaur diskurtsoa eman du telebistaren bidez, eta azkenera arte borroka egingo duela eta irabaziko duela esan du. Etxe hori igandean bonbardatu zuen nazioarteko koalizioak. Bere aldekoak erasoei eustera deitu ditu, diskurtso horretan.

Haren soldaduek gaur arratsaldean Misratan erasoa egin eta hamasei lagun hil dituzte. Haien artean, bost haur.

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak, ordea, "gertuko pertsonak" Gaddafirentzat irtenbide baten bila ari direla esan du ABC telebista katearen elkarrizketa batean, eta nazioartean horretarako laguntza eskatzen ari direla. Zenbait hedabidek esan dutenez, babes eske ari dira Gaddafirentzat. AEBek horrelako irtenbide bat ondo ikusiko luketela iradoki du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.