Ukraina ekialdeko gatazka

Matxino errusiazaleek 100.000 herritar mobilizatuko dituzte datozen egunetan

Gutxienez hamabost zibil hil dira asteburuan Donetsken bonbardaketetan.

Ukrainako armadako soldaduak Peskin, Donetsketik gertu. ANASTASIA VLASOVA / EFE
2015eko otsailaren 2a
07:41
Entzun

Bi aste eskasean 100.000 herritar deituko dituzte borrokara matxinoek. Hala iragarri du Aleksndr Zakharcheno gerrillaren buruak: "Mobilizatzeko prest gaude; lehenik, boluntarioak hartuko ditugu, eta gero, ikusiko dugu". Indar horien helburua litzateke Ukrainako armadak hegoaldean egin asmo duen balizko kontraerasoari aurre egitea.

Bestalde, hamabost pertsona hil eta berrogeitik gora zauritu dira asteburuan Donetsk inguruetan egindako bonbardaketetan. "Marinkan militar ukrainiarrek ez diete zibilei hiritik irteten uzten; giza ezkutu gisa erabiltzen dituzte", salatu du matxino errusiazaleen eledun Eduard Basurinek.

Donetskeko iturrien arabera, Marinkan ez ezik Debaltsevon ere enfrentamenduak dira nagusi. "Kalez kale eta etxez etxe ari dira borrokan", adierazi du Basurinek.

Aldiz, Kievek zabaldutako komunikatuaren arabera, "terroristak" dira asteburuan hildakoak, eta ez zibilak. Horretaz gain, Ukrainako Gobernuak jakinarazi du atzoz geroztik gutxienez bost militar ukrainar hil dituztela matxinoek. 

Joan zen astean bertan behera geratu ziren gobernuaren eta matxinoen arteko negoziazioak. Gobernuak dio bilerak egitekotan ere matxinoen buruzagiekin egingo dituela, eta haiek, berriz, ez dutela buruzagirik bidaliko, baldin eta dagoeneko hitzartutako akordioa sinatzeko ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.