Iragan larunbatean Peruko Andahuaylas hiriko polizia etxea indarrez hartu zuen mugimendu etnocaceristak amore eman eta armak utzi zituen atzo. Matxinoak poliziaren egoitzatik irten ziren eta Peruko Gobernuaren eskuetan daude orain. Okupazio horretan lau polizia eta matxino bat hil ziren. Mugimendu Etnocaceristak ustelkeria leporatzen dio Peruko presidenteAlejandro Toledori, eta kargua uzteko eskatzen dio.
Larunbatetik atzo arte bahituta izan zituzten 17 pertsonak, berriz, hamar polizia, bost militar eta identifikatu gabeko bi lagun polizia etxea utzi arte atxiki zituzten. Eurekin zen barruan Domingo Paliza apaiza ere, zeina bitartekari eta berme-emaile moduan aritu den.Mugimenduaren buru Antauro Humala harrapatu eta ordu batzuetara eman zuten amore taldeko kideek. Hartara, matxinadaren burua Limara iristearekin bat irten ziren matxinoak komisariatik.Humala eta bere ordezkari Jorge Villalba herenegun gauean atxilotu zituzten segurtasun indarrek, biak agintariekin izan behar zuten bilera batera zihoazenean. Iturri ofizialen arabera, Peruko Gobernuaren aurrean amore emateko eta armak uzteko baldintza onartezinak jarri zituelako atxilotu zuten Humara.Mugimendu Etnocaceristako ordezkari Fernando Bobbiok Poliziako buru batekin izandako bileraren ostean onartu zuten amore ematea. Polizia etxetik irtenda, armak eta munizioa lurrean utzi eta erretorikak oihukatzeari ekin zioten, Andahuaylasko Armen Plazara eramaten zituzten bitartean. Komisaria indarrez hartu zutenean, urte berri egunean, 150 ziren beren esanetan. Hori baino lehenago, jazarraldiarekin bat zetozen herritarren eta poliziaren arteko liskarra gertatu zen, okupatutako egoitzatik 400 metrora. Gertaera horrek hiru zauritu eragin zituen, medikuen arabera.
Toledo: «Ez dugu errukirik izango»
Matxinoak komisariatik irtetean «bizitza gehiago ez galtzeko guztia» egin zutela adierazi zuen Liman, Alejandro Toledok. Adierazpenak jazarraldian hil zituzten lau polizien gorpuak jasotzerakoan egin zituen agintariak. Horren harira, matxinoekin ez dutela «errukirik» edukiko gaineratu zuen.
Fernando Rospigliosi Barne ministro ohiaren ustez, «Humalak Hego Amerikako beste militar batzuek egindako antzeko ekintza egin nahi izan du, Hugo Chavezekin Venezuelan edo Lucio Gutierrezekin Ekuadorren gertatu zen bezala. Azken hauen saiakera kolpistek ospetsu bilakatu eta hauteskundeak irabazi zituzten». Humala ez da iritzi berekoa: «Latinoamerikan barreiatuta dauden militarren belaunaldi zaharrek ezarritako neurri moralekin amaitu nahi dugu; izan ere, narkotrafikoarekin eta gerrako krimenekin lotura zuzena dute».
PERU
Matxino guztiak polizia etxetik irten dira eta amore eman dute
Pasa den larunbatean gertatutako jazarraldian lau polizia hil zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu