Matxinoak nagusi diren lurraldeetako petrolioa esportatuko du Qatarrek
Matxinoen esku dauden lurraldeetan Libiako petrolio hobirik garrantzitsuenetakoak daude, baina, gerraren ondorioz, esportazioa ia etenda dago. Erreboltariek, ordea, akordioa lortu dute Qatarrekin, herrialde horrek petrolio hori esportatu dezan. Aste honen hasieran Financial Times egunkariak argitaratutakoa berretsi du matxinoen Kontseilu Nazionalak. Ali Tahur eledunak erran du egunean 100.000 upel baino gehiago ekoizteko gaitasuna dutela, baina horien garraiorako ontziak lortzeko zailtasunak dituztela. Qatarrekin egindako akordioak hori konponduko duelakoan dago Tahur. Arabiar Emirerri Batuekin batera, Libian esku hartzeko jarrera aktiboena erakutsi duen herrialde arabiarra da Qatar, eta, Frantziarekin batera, Kontseilu Nazionala Libiako herriaren legezko ordezkari bakartzat onartu duen bakarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu