Ibrahim Musa Muammar Gaddafiren gobernuko bozeramaileak Associated Press albiste agentzia estatubatuarrera deitu zuen atzo trantsizio gobernu baten proposamena egiteko Libiako matxinatuei. Trantsizio gobernu hori Saadi Gaddafiren semeetako batek negoziatua izango litzateke.
Erantzuna argia izan da: "Ez du inolako zentzurik. Bidea oso argi dago gure ustez. Libiako justizia eta Nazioarteko Zigor Auzitegia Gaddafi eta bere seme-alaben bila ari da", esan du Abderrahim el Keibek, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko (TGN) 31 kideetako batek.
"Egin dezakeen gauza bakarra bere burua entregatzea da; tratu justu eta legala jasoko du", esan dio EFE agentziari Ahmed Darratek, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko jarduneko Barne ministroak.
Sirtera bidean
Inork ez daki oraindik Gaddafi non dagoen. Hainbat hipotesi zabaldu dira; horietako batek Sirten dagoela dio, bere jaioterrian. Sirte Tripolitik 450 kilometrotara dago eta oraindik Gaddafiren jarraitzaileen esku dago. Matxinatuen aipatutako kalkuluen arabera, 10 egun barru iritsiko dira bertara. NATOk hainbat aldiz bondardatu du hiria azken egunetan.
Aljeriako Barne ministeritzak jakinarazi duenez Gaddafiren bigarren emazte Safia, eta beren seme-alabetatik hiru, Aïcha, Hannibal eta Mohamed herrialdera iritsi dira gaur.