«Ez dugu amorerik emango, ez gara emakumeak, borrokan jarraituko dugu». Gaddafiren hitzak dira, Al Rai katearen arabera. Desagerturik jarraitzen du diktadoreak, baina atzo borrokan jarraitzeko mezu bat bidali nahi izan zien jarraitzaileei, audio grabazio baten bidez. Surteko eta Bani Ualideko —erregimenaren kontrolpean jarraitzen duten hiriak— herritarrek armak dituztela eta ezingo dituztela garaitu ohartarazi die matxinoei. Hiri horietako tribuei, berriz, erreboltarien aurka «gogor» borroka egiteko eskatu die.
Gaddafiren esanetan, NATOk eta erreboltariek desadostasunak dituzte, eta, ondorioz, momentu egokia da euren aurka borroka egiteko; «denek gorroto dute kolonialismoa, amaitu beharra dauka, eta desagertzera kondenatuta dago». Diktadoreak, bestalde, «berri faltsuekin Libiako herritarrei iruzur» egitea leporatu die komunikabideei. Haren esanetan, zailtasunak ditu bere mezua hedabideen bitartez zabaltzeko. «Ez dute ni herritarrekin harremanetan egoterik nahi, eta horrek haien [erreboltarien] ahultasuna erakusten du».
El Watan egunkariaren arabera, Gadames hirian dago Gaddafi, Aljeriako mugatik gertu, eta Aljeriako presidentearekin harremanetan jartzen saiatu da handik. Egunkariak argitaratu duenez, diktadoreak babesa eskatu nahi izan dio Aljerko Gobernuari telefonoz, baina ez du Abdelaziz Buteflika presidentearekin hitz egiterik lortu.
Joan den astelehenean, Gaddafiren emaztea eta hiru seme-alaba herrialdera sartzea onartu zuen Aljeriako Gobernuak, «arrazoi humanitarioengatik». Buteflikaren arabera, ordea, Aljeriak ez luke Gaddafi onartuko, «nazioarteko legeak errespetatzen dituelako», eta Libiako «barne arazoetan» ez duelako muturrik sartu nahi. El Watan-ek aipatzen duen iturriaren arabera, gainera, «Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren laguntzarik eta baimenik gabe, Gaddafiren familiak ez zukeen Aljeriako mugara iristerik lortuko».
Erreboltarien buru militar baten arabera, ordea, Bani Ualid hiran dago Gaddafi. Dena den, baztertu egin du hiria indarrez hartzea. «Ezin diogu tribu horri eraso egin, Bengazi eta Zintango gure brigadetako kide asko Bani Ualidekoak baitira; hango herritarrek dute irtenbiderako giltza».
Larunbaterako errenditu ezean, Gaddafiren kontrolpean jarraitzen duten hiriak «militarki» hartzeko mehatxua egin zuten erreboltariek asteartean. Atzo, ordea, errendiziorako epea astebete luzatuko zutela iragarri zuten. NATOk, bien bitartean, Surt, Bani Ualid eta Hun bonbardatzen jarraitu du.
Abdelati al Obeide Libiako Atzerri ministroa, berriz, oposiziora pasa da, atzo Al Jazeera katean esan zuenez. «Dagoeneko amaitu da dena, beraz, Gaddafiren indarrek armak utzi beharko lituzkete, jende gehiago hil ez dadin». Bere borondatez entregatu dela adierazi zuen.
Nazioartearen bilera
Etorkizunera begira ari dira erreboltariak, oraindik garaipen osoa lortu ez duten arren. Muammar Gaddafik boterea hartu zuen egunaren urteurrena izan zen atzo, baina, azken 40 urteetan lehen aldiz, ez zuten diktadorearen lorpena ospatu. Aitzitik, Trantsiziorako Kontseilu Nazionala, NATO, NBE Nazio Batuen Erakundea, Arabiar Liga eta 60 herrialdetako ordezkariak Parisen bildu ziren «demokraziarako trantsizioa» nola gauzatu aztertzeko, eta horretarako Libiak dituen beharrak nazioarteari jakinarazteko. Lerro hauen idaztean, bilera bukatzeko zegoen artean.
Joan den martxoaren 19an ere bildu ziren, eta NATOren esku hartzea onartu zuten orduan, «Libiako erreboltariei babesa emateko». Oraingo honetan, ordea, berreraikitze politikoari eta ekonomikoari buruz aritu dira gehienbat. Libiako oposizioak, izan ere, azken egunotan argi utzi du ez duela nazioarteko tropen esku hartze militarrik nahi.
Hegoafrikako Gobernua atsekabeturik agertu da NATOk izan duen jokabidearekin, eta, gonbita jaso zuen arren, ez da bilerara joan, protesta modura. «Ez gatoz bat Segurtasun Kontseiluaren ebazpenari eman zitzaion interpretazioarekin», adierazi du Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak. Aste honetan jakinarazi duenez, «Libiako herritar guztiak ordezkatuko dituen gobernua osatu arte», Hegoafrikak ez du Trantsiziorako Kontseilu Nazionala onartuko.
Interes ekonomikoak
Errusia ere ez da inoiz NATOren esku hartzearen alde egon; Libiako misioa Segurtasun Kontseiluaren esku uztearen aldekoa da, Txina bezala. Atzo, dena den, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak Libiako agintea hartzea onartu zuen Moskuk. Gaddafiren agintaldian sinatutako akordioak bertan behera geratzea da Errusiaren kezka nagusia. «1955az geroztik ez ditugu Libiarekin harreman diplomatikoak eten, agintean egon dena edozein izanda ere, eta espero dugu urte hauetan lortutako akordioek aurrera jarraituko dutela».
Txinak ere ez du oraindik oposizioak agintea hartzea ofizialki onartu, baina bi herrialdeen arteko harremana hobetzeko prest agertu da. Baliteke hurbiltze horretan interes ekonomikoak ere egotea. Pekinek, izan ere, Tripoliri erosten dio kontsumitzen duen energiaren %3. Horrez gain,hainbat proiektu ditu martxan Libian, eta gatazka hasi zenean, han lanean zeuden 35.000 lagun inguru Txinara itzuli behar izan ziren. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak adierazi duenez, ordea, lehen unetik babesa eman dioten herrialdeek lehentasuna izango dute herrialdearen berreraikitze prozesuan; horrek kanpoan utziko luke Txina.
Frantziak, bestalde, petrolioaren inguruko «akordio sekretua» sinatu zuen apirilean Libiarekin, Liberation egunkariaren arabera. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak petrolio produkzioaren %35 agindu zion Frantziari, «babes osoa eta behin betikoa» ematearen truke. Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak esan duenez, ez zuen akordio horren berririk, baina «logikoa eta bidezkoa» iruditzen zaio. «Oposizioari laguntzea garestia da, baina etorkizunerako inbertsioa da». Atzo bertan, 1.500 miloi euro desblokeatuko dituztela iragarri zuen Juppek, «Libia berreraikitzen hasteko».
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Matxinoen aurka borroka egiteko eskatu die Gaddafik jarraitzaileei
Tribu guztiek armak dituztela eta ez dutela amore emango ohartarazi die diktadoreak erreboltariei, audio grabazio baten bidezAljeriako Gobernuarekin negoziatzen saiatu da telefonoz, han babesa eman diezaion
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu