Joan den ostiralean Espainiako Itsas Salbamenduak Pakistango, Indiako eta Bangladeshko 200 etorkin inguru zeramatzan itsasontzi matxuratuaz arduratu behar izan zuen. Kanaria uharteen eta Mauritaniaren artean antzeman zuten, eta gertuen zegoen porturaino eraman, Mauritania iparraldera. Ostiralean matxuratu eta atzotik dago itsasontzia Nuadhibu hiritik 12 bat kilometrora, baina bidaiariek ezin dute itsasontzia utzi. Zain daude herri hartako autoritateek lehorreratzeko baimena noiz emango dieten, baina Mauritaniako Atzerri Ministerioak ez du haien erantzule izan nahi, atzo bidalitako oharrean esan zutenez. «Ez da Mauritaniaren ardura itsasontziaren matxura konpontzea eta han dauden immigranteak bere gain hartzea. Mauritaniak ez dio inoiz argi berdea eman itsasontzi horri, eta orain nazioarteko uretan dago. Dagokion herriak eman beharko dio irtenbidea, baina Mauritaniak ez».
Marine I itsasontzia Kanaria uharteetatik gertu matxuratzeak Espainia inplikatzen du. Mauritaniak nazioarteko itsas akordioan parte hartzen ez duenez, akordio hori egina duten herrien artean gertuen daudenak beharturik daude portu gertuenera eramatera -kasu honetan Senegali eta Espainiari dagokie-. Horregatik eraman zuen Espainiako Itsas Salbamenduak Mauritaniako iparraldera. Atzo Mauritaniak pertsonok hartzeari ezezkoa eman aurretik, Espainiako Atzerri Ministerioko iturriek jakinarazi zuten Mauritaniaren eta Espainiaren artean negoziatzen ari direla, eta jada «aurreakordioa» egin dutela itsasontzian ezin atera dauden bidaiariei irtenbidea emateko. Mauritaniak akordio horren arabera, immigranteek han lehorreratzen utziko luke, baina mauritaniarrek bidalitako oharrean ez dute horrelakorik aipatzen, eta, gainera, ez dela haien ardura argi utzi zuten.
Espainiak Mauritanian duen enbaxadore Alejandro Polanco ari da mauritaniarrekin negoziatzen, eta, hark esandakoaren arabera, «Mauritanian sartzeko dokumenturik ez dutenen negoziazioak aurrera egin du, baina egun batzuk beharko dira irtenbidea emateko». Bien bitartean, itsasontzitik atera gabe jarraitzen dute immigranteek. Elikagaiak itsasontziko arduradunek ematen dizkiete, baina euren osasunaren inguruko berririk ez dago jakiterik, ezta jatekoa eta edatekoa zenbat egunerako duten ere.
IMMIGRANTEENEGOERAZ KEZKATURIK. Errefuxiatuei Laguntza Espainiako Batzordeak (CEAR) 200 immigranteei laguntza «berehala» emateko eskatu zuen atzo ohar baten bidez. Batzordeak dioenez, kezkatuta daude egun batzuk daramatzatelako itsasontzitik atera ezinik, eta ez delako irtenbidea eman arazo horri. «CEAR-ek pertsona horiei laguntza duina eta berehalakoa ematea eskatzen du, une honetan beste interesen gainetik baitago pertsonon egoera hobetzea, batez ere itsasontzian umeak egon daitezkeenean. Ezin dugu besterik gabe hor egon daitezen utzi».
Hainbatetan gertatu izan diren kasuak aipatzen ditu batzorde horrek, eta gogorarazi egoera tamalgarrian egon behar izan dutela egun askoan herrialdeetako arduradunek lehorreratzea eta laguntza negoziatzen duten bitartean. Francisco y Catalina itsasontzian gertatutakoa dakar gogora, eta horixe gerta ez dadin eskatu. Itsasontzi horretan sahararrak zeuden eta Maltako kostan egon behar izan zuten hainbat egunez egoera tamalgarrian.
«Negoziazioek aurrera egin dute, baina egun batzuk beharko dira immigranteak Mauritanian sartzeko»
ALEJANDRO POLANCO
ESPAINIAK MAURITANIAN DUEN ENBAXADOREA
Mauritaniako kostan dauden 200 etorkini ez diete lehorreratzeko baimenik ematen
Matxura izan zuen ontziak ostiralean, eta, nazioarteko uretan dela eta, ez du inork haien kargu egin nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu