2006 eta 2008 urteen bitartean 200.000 euro baino gehiagoko iruzurra egin zuen Maxim Huerta Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministro ohiak. Gaur goizean jakin da hori, eta dimititzeko asmorik ez duela esan arren, kargua uztea erabaki du azkenean. Pedro Sanchezen proiektuak aurrera egitea nahi duela argudiatu du Huertak, eta errugabea den arren, transparentziaz jokatu nahi duela. "Zarata ikaragarriaren" aurrean egiak ez duela balio salatu du, baina berak, proiektuan sinesten duenez, haren alde egingo duela argudiatu du. "Gehien sinesten dudan bi gauzengatik egingo dut: kultura eta gardentasunagatik".
Hark dimititu eta ordu eta erdira jakin da nor izango den bere ordezkoa: Jose Guirao. Almeriako Diputazioko Kultur arduraduna izan zen Guirao 80ko hamarkadan, eta 1994tik 2001era Reina Sofia museoko zuzendaria.
Hainbat egunkarik argitaratu dute gaur iruzurraren berria, eta jakin bezain pronto, ministroaren dimisioa eskatu dute Podemosek eta Ciudadanosek. Huertak zorra kitatuta daukala azpimarratu du, baina gaiak sortu duen zalaparta ikusita, dimisioa ematea erabaki du azkenean. Pedro Sanchezekin bildu da Moncloan, eta hark onartu egin du Kultura Ministroak kargua uztea.
Huertak enpresa bat sortu zuen zerga gutxiago ordaintzeko. Horregatik 365.939 euroko isuna ordaindu behar izan zion Ogasunari. Hark defendatu du ordaindu zuela isuna, eta garbi dituela kontu guztiak. Gainera, berak ez zuela fede txarrez jokatu nabarmendu du, eta beste hainbat kazetari eta idazleri ere gertatu zitzaiela hori, Ogasunaren "irizpide aldaketa bat" tarteko. Irizpide aldaketa modu retroaktiboan aplikatu zutela salatu du, eta egindakoaz seguru zegoenez Ogasunaren kontra berak abiatutako auzibidea galdu zuelako ordaindu behar izan zuela isuna. Legez kanpoko ezer ez duela egin nabarmenduta, dimisiorik ez duela emango esan du goizean, baina iritziz aldatu du; errugabea dela berretsi duen arren dimisioa eman du.
Huertak ez du astebete ere iraun karguan. Joan den astean izendatu zituen Gobernuko ministroak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriak. Ostegunean hartu zuten kargua.