Erresuma Batua

Mayk aitortu du beharrezkoa dela irteera data berriz atzeratzea

Bere ministroekin zazpi orduko bilera izan ostean, lehen ministroak adierazi du Alderdi Laboristaren buruzagiarekin batzartu nahi duela akordioren bat lortzeko. Jeremy Corbyn prest agertu da Mayrekin biltzeko. Hamabi egun falta dira brexit-erako.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, hedabideen aurreko agerraldian. BERRIA
ander perez zala
2019ko apirilaren 2a
07:19
Entzun

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak datorren egunotako planaren berri eman du. Komunen Ganberak hiru aldiz eman dio ezezkoa Bruselarekin adostu duen brexit-erako akordioari, baina, aldi berean, diputatuak ez dira ados jarri alternatiba baten inguruan —datorren astelehenean dira berriz saiatzekoak—. Horiek horrela, Mayk erabaki du Jeremy Corbyn laboristen buruzagiarekin elkartzea, Erresuma Batuaren eta EB Europako Batasunaren arteko etorkizuneko harremanari buruz hitz egiteko; hori bai, azaldu du brexit-erako ituna oinarri izango dutela.

Asmo horrekin, lehen ministroak iradoki du brexit leunago bat onar dezakeela, eta prest legokeela aduana batasun bat onartzeko. Halere, Mayk eta Corbynek ezer adostea lortuko ez balute, azaldu du hainbat alternatiba jarriko dituztela mahai gainean, gero Komunen Ganberan bozketara aurkezteko. Hori izango da hilaren 10ean aurkeztuko duen plana, Europar Kontseiluaren premiazko goi bileran. Lehen ministroak, baina, ez du zehaztu aukera horiek zein izango liratekeen.

Jakinarazi duenez, haren asmoa da atzerapen "ahalik eta laburrena" eskatzea, Erresuma Batuak ez dezan partea hartu maiatzaren 23aren eta 26aren artean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan; beraz, badirudi atzerapen hori maiatzaren 22ra artekoa nahi duela, estatu kideek proposatu bezala. Zazpi orduko bilera egin du haren ministroekin datorren egunotako planaren berri eman baino lehen, baina agerraldian ez du jakinarazi haren gobernuaren babesa ote duen.

"Britainiarrek bozkatu zutenari erantzungo dion konpromiso bat aurkitu dezakegu eta aurkitu behar dugu. Uharte hauetarako une erabakigarri batean gaude, eta egoerak batasun nazionala eskatzen du", adierazi du Mayk.

Corbyn prest agertu da Mayrekin biltzeko. "Urrats bat eman duela aitortzen dugu", adierazi du Alderdi Laboristako buruak. Corbynek lehentasun gisa ezarri du apirilaren 12an Erresuma Batuak EB akordiorik gabe utz dezala eragoztea. Orain arte, EBko estatu kideekin aduana batasuna osatzea defendatu du agintari laboristak, Ipar Irlandan mugako kontrolak leuntzeko eta Erresuma Batuak EBrekin tarifarik gabeko merkataritza harremana izan dezan.

Gaur bertan, Yvette Cooper diputatu laboristak eta Oliver Letwin diputatu kontserbadoreak lege proposamen bat aurkeztu dute Komunen Ganberan. Berez, bihar eztabaidatuko eta bozkatuko dute eta, baiezkoa gailenduz gero, Mayri behartuko liokete irteera dataren atzerapena eskatzea. Ikusteko dago, lehen ministroaren agerraldiaren ostean, bozketa horri eutsiko ote dioten.

Goizean, Michel Barnier EBren negoziatzaile buruak ohartarazi du Erresuma Batua EBtik itunik gabe aterako dela "seguruenik". "Aukerak oso handiak dira". Hori bai, hilaren 10eko Europar Kontseiluaren premiazko goi bilerari begira, hiru arrazoi zerrendatu zituen hilaren 12ko irteera da atzeratzeko: alderdien arteko adostasuna, hauteskunde orokor aurreratuak edota bigarren erreferenduma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.