'Brexit'-a

Mayk atzeratu egin du 'brexit'-erako akordioaren gaineko bozketa

Erresuma Batuko lehen ministroak "premiazko elkarrizketa" eskatuko dio EBri "berme gehigarriak" lortzeko.

'Brexit'-aren aldeko manifestariak, atzo, Londresen. ANDY RAIN, EFE
2018ko abenduaren 10a
07:14
Entzun

Erresuma Batuko parlamentuak ez du bihar bozkatuko Londresek eta Bruselak brexitari buruz lortu duten aurreakordioa. Hala jakinarazi du Theresa May lehen ministroak parlamentuan egin duen agerraldian.

Bozketa egiteko datarik ez du eman, baina Erresuma Batuko hainbat hedabidek aurreratu dutenez, datorren astera atzeratu daiteke, edo urtarrileko lehen egunetara. Gehienez, urtarrilaren 21ean erabaki beharko du parlamentuak aurreakordioari buruz. Izan ere, brexitari lotutako legediak parlamentuak onartu behar du 2019ko martxoaren 29a baino lehen. Data horretan ezarri dute Erresuma Batuak eta Europako Batasunak bien arteko banaketarako eguna.

Bozketaren atzerapenarekin Mayk denbora irabaziko du Bruselarekin negoziatzeko eta parlamentuan aurreakordioaren kontra dauden toryen indarra gainditzen saiatzeko.

Europako Batzordeak ohartarazi du Londresekin lortutako aurreakordioa "akordiorik onena eta posiblea den bakarra" dela. "Ez dugu mahai gainean dagoen akordioa berriro negoziatuko. Hori oso argi dago", adierazi du Margaritis Schinas batzordeko bozeramaileak.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur ebatzi duenez, Erresuma Batuak eskubidea du brexita bertan behera uzteko, eta erabakia hartzeko ez du derrigorrezko EBko gainerako kideen adostasuna lortzea; aldebakarreko erabakiz egin dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.