Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak eta Ipar Irlandako DUP Alderdi Unionista Demokratikoak ekainaren 13an hasi zituzten gobernua osatzeko negoziazioak. Erresuma Batuko hauteskundeetan David Cameronek lehendik lortutako gehiengo osoa galdu ostean, DUPeko hamar diputaturen beharra du Mayk gutxiengoan gobernatzeko. Ez dute, ordea, koalizioan gobernatuko; laguntza puntuala izango da.
Izan ere, 326 diputatutan dago gehiengo osoaren langa, eta 318 lortu zituzten tory-ek, 2015ean baino gutxiago. Kontserbadoreek laboristekin zuten bi milioi boto ingururen aldea milioi bat baino gutxiagora jaistea lortu zuen Jeremy Corbyn laboristak, baina, gehiengo alternatibo bat lortzeko zailtasunez gain, Mayk berehala iragarri zuen gobernatzeko prest dagoela, DUP bazkide hartuta. Lehenbiziko aldiz Irlandako alderdi batek du Downing Streeteko 10. zenbakiko giltza.
Ipar Irlandako Gobernua
Erresuma Batuko kontserbadoreen eta Ipar Irlandako ultrakontserbadoreen arteko aliantza egin ondoren, ikusteko dago orain zer gertatuko den Ipar Irlandako Gobernuarekin; izan ere, Ostiral Santuko Akordioaren ondoren, aurrez aurre dauden bi aldeak elkarrekin gobernatzera beharturik daude: Sinn Fein eta DUP. Hilaren 29an beteko da gobernua osatzeko epea, eta, ados jarri ezean, Londresek hartuko ditu bere gain eskumenak.
Izan ere, urtarrilean erabaki zuen Sinn Feinek hauteskundeak aurreratzea, gobernuaren funtzionamendua erabat trabatuta zegoela argudiatuta, haren ustez, DUPek ez dituelako bere egiten Ostiral Santuko Akordioaren printzipioak.