Mazedonia

Mazedoniako erreferendumeko parte hartzea ez da heldu beharrezko gutxienekora

Herritarren %36,3k hartu dute parte izen aldaketari buruzko galdeketan, eta horietatik %91k bozkatu dute alde.

Oposizioko jarraitzaileak erreferendumeko parte hartze txikia ospatzen, Skopjen. VALDRIN XHEMAJ, EFE
2018ko urriaren 1a
07:33
Entzun

Erreferendum berezia egitekoa zuten asteburuan Mazedonian. Estatu horrek Europako Batasunean sartzea du helburu, baina, horretarako, Mazedonia izena baztertu eta Mazedonia Iparraldeko Errepublika izena hartu behar du.

1991ko irailaren 8an aldarrikatu zuen independentzia Mazedoniak, eta bi urte geroago onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak, Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohia izenarekin. 140 herrialdek onartu zuten estatu berria, baina Greziak ez, argudiatuta Grezia iparraldeko izen bereko eskualde bat bereganatzeko asmoa zegoela izen hori erabiltzearen atzean. 

Ekainean, baina, bi estatuek akordio bat egin dute, eta Ipar Mazedonia izena onartu du Jugoslavia ohiko estatuak. Parlamentuan izen berria berretsi aurretik, baina, erreferenduma egin dute, herritarrek berrets dezaten, baina parte hartzea beharrezko gutxienekotik hamabost puntura geratu da —%36,3 izan da—, nahiz eta bozkatu dutenetatik %91k izena aldatzearen alde egin.

Bozketa bera loteslea ez den arren, gutxieneko babesik ezak kolokan jar lezake izena aldatzeko egin beharreko konstituzio erreforma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.