Meategien proiektuen kontrako protestak gogortu egin dira Perun

Ollanta Humala presidenteak esan du «elkarrizketa bidez» konpondu nahi dituela nekazarien arazoak

Erredakzioa
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Meategien proiektuen kontrako protestak gero eta gogorragoak dira Perun. Herrialdearen hegoaldeko Andahuylas eta Chincheros probintzietan, esaterako, zortzi egun daramatzate greban, eta Ollanta Humala presidentearen gobernuak komisio berezia bidali du Limatik bertara, «errespetuan oinarritutako elkarrizketa bidez arazoa konpontzeko».

Miguel Caillaux Nekazaritza ministroa, Carlos Herrera Energia eta Meatze ministroa eta Jose de Echave Ingurugiroko ministrordea lekuko agintariekin eta nekazariekin bildu ziren atzo ministroak. Nekazarien eskakizunei «konponbide baketsua» bilatu nahi diote. Nekazariek euren lurraldeetan meategien eraikuntza debekatzea eskatzen dute, abian dauden Ares eta Apurimac Ferrum enpresen proiektuak —azterketa fasean daude— bertan behera uztea, eta legez kanpoko meatzaritzaren kontra egitea. Proiektu horiek ingurugiroa kutsatu eta euren herrietako ur erreserbak arriskuan uzten dituztela salatu dute nekazariek.

«Apurimaceko lurraren %96 kontzesioan emanda dago. 500 meatze kontzesio daude une honetan gure eskualdean, gehienak azterketa fasean», azaldu du Elias Segovia Apurimac eskualdeko presidenteak. Horregatik, arazoari heltzeko eta gobernuen artean «elkarlan serioa» abiatzeko eskatu dio Limako gobernuari.

Humala, bi aldeen alde

Humalaren adierazpenek, baina, ez dituzte nekazariak asebete. Gobernua ingurugiroa kontuan hartuko duen konponbidearen alde lanean arituko dela esan du, baina aldi berean, meatze enpresek jada sinatuta dituzten akordioak errespetatuko dituela berretsi du.

Horrela, azken egunetan, Peru hegoaldean ez eze, iparraldean ere ugaritu egin dira protestak.Ancash eskualdean, esaterako, errepide bat itxi zuten herenegun ehunka manifestarik, meategien kontra protesta egiteko. Asteazkenean, berriz, 14.000 lagunek manifestazio baketsua egin zuten Cajamarca eskualdean.

Dena dela, batez ere Peru hegoaldeko Apurimac eskualdean izan dira istilurik larrienak, Humalak bidalitako komisioak lekuko agintariekin eta nekazariekin izandako elkarrizketetan aurrerapenik ez delako egon. Manifestariek eta Poliziak borrokak gogorrak izan zituzten atzo Andahuylas hirian, eta gutxienez 80 lagun zauritu dira, horietatik 15 poliziak. Limak polizia gehiago bidaliko dituela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.