Meatzeek setiatutako biziak

Kanadako bi multinazionalek Guatemalako meatzeetan hasitako lanek ondorio larriak utzi dituzte hainbat udalerritan. Herritarrek salatu dute ingurumena eta bizi-maila degradatu direla.

Clodoveo Rodriguez, San Rafael las Floresko herritarra, etxean. Atzean, meatzea ageri da. ROGER SUSO.
Roger Suso
San Rafael las Flores
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Clodoveo Rodriguez, on Clodo, 78 urteko gizona, Guatemala ekialdean bizi da, San Rafael las Flores herrixkan. Duela hilabete batzuk, obretako makineria, zarata, hauts eta hesi artean bizi da. Haren etxea inguratuta daukate San Rafael SA meatze enpresaren jabetzako instalazioek; Kanadako Tahoe Resource enpresaren adar bat da enpresa hori, eta joan den astean etxetik bertatik ikusi zituen Kanadatik etorritako ingeniariak lanak behatzen, hain justu Guatemala meatzeen legea erreformatzeko prozesuan dagoenean, multinazionalei ustiatze baldintzak leuntzeko. Ez zien ongietorririk egin, ez, Rodriguezek, eta ezta bertako gainerakoek ere.

Herrian ezartzeko, konpainiak herritarren lurrak erosi behar izan zituen, eta, egun, horietan dago El Escobal meatzea, munduko zilar hobirik handienetako bat, baita berun, zink eta urre meatzerik handienetakoa ere. Herriko bizilagun askok saldu zituzten beren lurrak; beste askok ez, ordea. Rodriguez izan zen saldu ez zituztenetako bat. Haren lursaila dago meatzetik gertuen; orain arte, bere bizibiderako erabili izan du, nekazaritzarako eta behi zaintzarako, eta orain inguratua diote, metalezko sare batez hesitua. Herrigunera joateko, bada, auzo bide bat bakarrik du, txarrantxaz babestua eta enpresaren zaintzaileek zaindua, arma mozkoteak eta argazki kamerak eskuetan dituztela.

«Pobrea baino pobreagoa utziko dute hau dena». Ez du etsi nahi, behinola familiarengandik heredaturiko lurrak dira eta. «Hementxe dauzkat sustraiak eta bizitza. Presiopean gaude, gaizki lo egiten dut, eta gaixotzen ari naiz, baina nahiago dut ez amore eman eta hementxe hil».

Munduan gorabidean diren ekonomiek meatze gehiago eskatzen dituztenez, meatzaritza da nazioarteko inbertsio pribatuen xede nagusia. Eta bereziki Guatemalakoa, estatuak munduan beste inon ez diren abantailak eskaintzen baitizkie enpresei. Meatzaritza suspertu izanak, ordea, hainbat gatazka eragin ditu, degradazioa ingurumenean eta baita zenbait indarkeria gertakari ere. Horren adibiderik adierazgarriena da Marlingo urre meatzea. San Miguel Ixtahuacan eta Sipacapa udalerri maietan dago, eta Kanadako Goldcorp Inc enpresa da haren jabea.

San Rafael meatze enpresaren egitasmo nagusia da El Escobal zilar meatzea. Las Flores udalerrian dago San Rafael; 20.000 lagun bizi dira han, eta 2013rako egina izango dute. Oscar Berger presidentearen agintaldian eman zioten baimena Golcorpi, 2007an; orduko hartan, Kevin McArthur zen hango presidentea, eta hark 2008an Goldcorp utzi eta Taho Resources sortu zuen 2010ean. Urte hartan bertan, Tahoe Resourcesek El Escobalen egitasmoaren akzioen %60 erosi zizkion Goldcorpi; hala, Goldcorpek kontrolatzen zuen Tahoe Resourcesen %40. El Escobalen lizentziaz gainera, Juan Bosco eta Andres meatzetarako ere badauzka; meatze horiek hartzen dituzte, hain zuzen, San Rafael las Flores eta hark mugakide dituen udalerriak.

Txostenak

San Rafael las Flores udalerrian ez dute zerbitzu publiko oinarrizkorik, ez eta soldatapeko lanposturik izateko ahalbiderik ere, eta, meatzea dela eta, hainbat gatazkari aurpegi eman behar diote, enpresako arduradunek besterik dioten arren, enpresaren Harreman Publikoetako arduradun Rita M. Flohr-ek baieztatu bezala: «Bizilagunek elkarlanean dihardute, eta berena egin dute egitasmoa». Meatze enpresako arduradun horren iritziz, ez dago inolako gatazkarik.

Bestelako iritzia du Roberto Pivaralek. Mekanikaria eta nekazaria da, eta meatzearen kontrako herri mugimenduaren buruzagietako bat. Haren ustez, «jendea bananduta dago: batetik, lursailak saldu dituztenak eta saldu ez dituztenak daude; bestetik, garapen ereduaz eta naturaz kezkatzen direnak; eta, azkenik, merkatariak eta jatetxe txikien jabeak, horiei onuragarri baitzaie meatzea hemen izatea». Baina Tahoe Resources enpresak izugarrizko irabaziak lortuko ditu meatze honekin. Inbertsioaren ekarpenaren %32 Guatemalan geratuko da, eta %68 Kanadara joango da.

Ingurumen eraginari dagokionez, arrokaren drainatze azidoa —lixibatzearen ondorioa— aipatu du Pivaralek arriskurik larrien eta handien gisa, baina baita beste hau ere: «Meatze enpresak proposaturiko kola zabortegia; diseinu desegokiagoa du, kontuan izanik lurrikarak izan ohi diren toki batean dagoela». Bizilagunak kezkatuta daude, halaber, Ayarza aintziraren eta herriko ibaien kutsadura dela eta. «Meatze inguruko lurretako laboreak salduko al dira, edo asebeteko al dute elikadura segurtasuna?».

Kontsulta

Kontsulta bat egin behar zela proposatu zuten San Rafael las Floresko biztanleek, prozesuan modu demokratikoan parte hartu eta meatzeak han behar zuen edo ez erabakitzeko. Hala erakutsi du Oscar Moralesek, Kontsultaren Batzorde Bereziko presidenteordeak, hainbat agiri dituela eskuetan; horietan jasotzen da 2011ko azaroan, behar ziren sinadurak bildu ostean, hainbat agiri aurkeztu zizkiotela udal gobernuari, kontsulta bat egitea proposatzeko. Oraindik ez dute kontsultarik egin, eta lanak egiten hasia da enpresa. Moralesen esanetan, «meatze enpresak erosi egin du hainbaten nahia, oposizioa isilarazteko asmoz, eta, errekurtsoen bidez, geldiarazi egin du kontsulta».

Geroa

Meatzearen irekieraz eta Rodriguezen setioaz harago, itxaropenik eza eta Tahoe Resourcesen kontrako mobilizazioak baino ez dira begiztatzen etorkizunean, eta liskarrak. «Jendea sututa dabil, eta asper-asper eginda, iruzurra eta desinformazioa besterik ez dutelako ekarri enpresak eta Otto Perez Molinaren gobernuak. Ez dute ezer errespetatzen. Militarrak hasiak dira hainbat jende ikuskatzen, baina jendea edozertarako prest dago», esan du Anatolio V.a ezizeneko ekintzaileak. «Gezur hutsa da legearen bidea. Eta jendea armak hartzera behartuko gaituzte. Okerrik gertatuz gero, gure alde dugu Jalapa Batailoiaren brigada bat».

Enpresa hondeatzen ari den mendiaren bestaldean bizi dira xinka herrikoak, Guatemalako jatorrizko herrietako bateko bizilagunak. «Egoerak okerrera eginez gero, xinken herri lurrak babestuko dituzte, eskopetaz armaturik, Jalapa Batailoiarekin batean, zeina Santa Maria de Xalapango 20.000 gizon xinkek osatzen baitute.

«Gure lurra babestearren herria antolatzen ari da. Badakigu indar publiko guztiarekin kontra egingo digutela, baina jende asko dago prest bere lurra babesteko. Gatazka areagotu egingo dela aurreratu du Ever Benitok, xinka herriko buruzagietako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.