Medioak Caprilesenak dira

Venezuelako idatzizko komunikabide sendoenak, iritzia sortzeko orduan indar gehien daukatenak oposizioko hautagaiaren aldekoak dira, eta oso kritikoak Hugo Chavez presidentearekin.

martxelo otamendi
Caracas
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Kaleak eta plazak Chavezenak dira, eta horren froga atzo agertu zen, kanpainako azken ekitaldian, Caracasko Simon Bolivar etorbidean eta inguruko kaleetan egin zuen indar erakuspena. Baina ez da egun bateko kontua izan, kanpaina osoan bildu du jendetza Chavez presidenteak.

Kalean duen indarra asko ahultzen da, ordea, begiratua komunikabideen esparruan jartzen denean. Venezuelako idatzizko komunikabide sendoenak, iritzia sortzeko orduan indar handiena daukatenak Caprilesen aldekoak dira, edo modu zuzenago batean esanda, Chavezen aurkakoak. Gainditu gabeko ikasgaia oraindik, duela hamalau urte aurreneko hauteskundeak irabazi zituen Chavez markarentzat; beste behin erakusten duena gauza bat dela gobernuan egotea eta oso bestelakoa boterea edukitzea. Botere mediatikoa, kasu honetan.

Askotan salatu izan dute giza eskubideen aldeko nazioarteko erakunde batzuek Chavezen gobernua adierazpen askatasunari egindako erasoengatik; hala izango da, hala izan bada. Komunikabide batzuk itxi, kazetari batzuei jazarri... Urratzeak dira, gertatu badira. Baina oraindik ere, kioskoetan topatzen diren egunkari handi batzuetan Chavezen politikak baloratzeko orduan erabiltzen den terminologia erabilita, ariketa zaila da imajinatzea nolakoa erabiliko zuten itxitako komunikabideek.

El Nacional eta El Universal dira Venezuelako egunkari handiak, historikoak, eta kritikoenak Chavezekin. Ez, hala ere, biak neurri berean, El Nacional gogorragoa baita El Universal baino. Aurrenekoaren zutabegileek, adibide bat besterik ez da, ez dute errukirik proportzioaren doaia urratzeko orduan. Edozerk balio du Chavezen aurka jarduteko. Sekulakoak eta bi esaten dituzte,haien buruei alferrik ari diren edo ez galdetu gabe, urteak baitira Chavezen aldekoek egunkari hori irakurtzeari utzi ziotela. Baina ez dute etsitzen, asmakizuna, irainaren mugatik oso gertu dauden balorazioak... El Universal, aitzitik, kritikoa izanda ere, aseptikoagoa da, tentu handiagoarekin erabiltzen ditu adjetiboak, eta ez du kazetaritza obsesiboa egiten.

Baina auzi politikoa horren bero eta present bizi den Venezuela honetan, lanak dauzka kazetaritza pausatua egin nahi duenak; ez dagoelako lekurik horrelako ariketarako. Kalean bezala, komunikabideen alorrean ere, jarrerak oso albo banatan daude, eta oso urruti bata bestearengandik. Azken urteotan oposiziokoek komunikabideetan zeukaten indarra ikusita, Chavezen komunikazio arduradunek egunkari popularren sare bat ehundu dute, egunkari handi eta salduenen indar komunikatiboari kontrapisua egiteko asmoz. Horiek ere oso alde batekoak. oso militanteak, Correo del Orinoco, Vea, CCS... prezio bajuan edo doan banatzen dira.

Chavezek badaki kalea eta auzoa direla bere lur naturalak, berezko habitat. Caprilesek, berriz, komunikabideen bidez iritsi nahi du oinez iristea ezinezkoa zaion kaleetara. Beste kontu bat da darabilen estrategia exajeratu hori egokiena ote den muga arteko boto emaleak bereganatzeko; lehen Chavezen alde egin zutenak eta gaur Chavezekin kritiko diren herritar horiek gozatu edo uxatu egiten ditu horrelako komunikabideekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.