Hasieran uste baino larriagoa izan da Mediterraneoan gertatutakoa. Hiru dira gutxienez Italian, Toscanako uretan, hondoratutako transatlantikoan hildakoak, eta 40 zauritu baino gehiago. Desagertuen kopuruaren dantza dago, berriz: 60 eta 70 ingururen artekoa. Eskifaiaren eta turisten artean 4.229 pertsona zeramatzan bidaiontziari gertatu zaionaren gainean ere ez dago ziurtasunik.
Francesco Schettino kapitainaren arabera, ibilbidearen mapetan agertzen ez den harkaitz bat jo zuten, baina aukeren artean indar handiena beste bat hartzen ari da: behar ez zuen bidea hartu zuela, itsasontziak ez zuen hondoratu zen lekuan egon behar eta. Grossetoko Fiskaltzaren esku dago kaxa beltza, eta Schettino eta eskifaiako beste kide bat atxilotzeko agindua eman du, erailketa leporatuta, eta bidaiariak erreskatatu aurretik itsasontzia uzteagatik. 50 urte dauzka kapitainak, eta 30 daramatza itsasontzietan lanean.
Civitavecchia Erromatik 80 kilometrora dagoen portutik atera zen istripua baino bi ordu lehenago Costa Concordia itsasontzia Savonaruntz, herenegun. Lekukoek esan dutenez bidaiari gehienak afaltzen ari ziren talka gogorra sentitu zutenean. Argia joan zen, eta plater eta botila erorien soinua entzun zuten, helduen oihuekin eta umeen negarrekin bat. Lekukoen arabera, kapitaina zela esanez gizon ahots batek «arazo elektriko bat besterik ez da» esanez lasaitu nahi izan zuen giroa, baina gutxira «kontu handiz, larrialdietarako txalupetara» joateko agindu zuen. Hori esan orduko izua nagusitu zen, eromena, eta ilunpean, estropezuka nora ezean egon ziren turistak eta langileak. Ontzia albo batera oso azkar makurtzen ari zela konturatzerako, askok ur hotzetara jauzi egitea erabaki zuten. Hiru pertsona itota hil dira. Bat eskifaiako kidea zen, peruarra, eta beste biak turista frantziarrak. Bidaiarien artean herri askotakoak dira: italiarrak gehienak, alemaniarrak eta frantziarrak, espainiarrak, eta latinoamerikarrak. Euskal herritarrik dagoen ez zen jakiterik atzo.
Giglio uhartearen aurrean ontzi erraldoia hondoratzen hasterako, inguruko ontzi txikietan gerturatu ziren herritarrak erreskatean laguntzera. Suhiltzaileen ordezkariek esan dute, 100 eta 150 pertsonaren artean atera zituztela uretatik, horietako bat gorpu. Urpekoek, berriz, itsasontziaren barruan desagertuen bila jarraitzen zuten atzo azken orduan, arrastorik izan gabe.
Erreskate «kaotikoa»
Bidaiari asko kexu dira erreskate «kaotikoa» izan dutelako. «Kolpearekin batera kapitainaren ahotsa entzun bezain laster zer egin ez genekiela eskifaia zen gure esperantza, baina zorabiaturik zebiltzan, eta inork ez zekien nola jokatu. Amesgaiztoa izan da. Titanic gogorazten zuen», kontatu du lekuko batek. Baina atzo hitz hartutako guztiek izan dute ahotan babesik gabe eta okerrenaren zain denbora gehiegi egon zirela.
Ordu eta erdi baino gehiago igaro zen bidaiariak itsasontzitik ateratzen hasterako, eta02:00etan 200 edo 300 pertsona inguru artean atera gabe zituzten, itsasontzia hondoratzen ari zen bitartean, horien artean ume batzuk, Italiako hainbat komunikabidek jasotako testigantzen arabera. Diotenez, gertatutakoaren berri izanda ere kapitainak ez zuen behar zuena egin. Erreskateari buruzko azalpenak ematerakoan, ontziaren kokaleku zaila aipatu du Cruceros Costa konpainiak.
Bidaiariak Giglio uhartera eraman zituzten txalupetan, eta uhartea hartu zuten, neguan 1.500 bizitzeko egokituak diren egiturak. Itxita zeuden hotelak zabaldu, eskolak, ospitalea eta eliza zabaldu eta herritarren etxeetan ere hartu zituzten. Gutxira, onik zeuden gehienak Erromara eta Savonara eraman zituzten.
Ontzi sendoetan joateak ematen duen segurtasunarekin egiten hasi ziren bidaia turistak. Civitavecchiatik atera ziren (Italia erdialdea) Savonarantz, eta handik Palermon eskala zuten egitekoa (Sizilia); gero Cagliarira (Sardinia), eta, Bartzelona, Balearrak eta Marseilla ezagutu ondoren, Savonan amaitzekoak ziren bidaia. Garai batean aberatsen bidaiak zirenak, gaur egun ez dira horren garestiak, bainaez daude edonoren esku. Bidaia merkeenak 800 euro ingurukoak dira, eta zerbitzuak luxuzkoak, eta, berez, haren mailako segurtasun neurriak dituztenak. Mediterraneoko konpainiarik handiena da, gainera, Cruceros Costa. Hamabost ontzi ditu, Costa Concordia itsasontziaren gisakoak.
Mediterraneoan 4.200 bidaiari zeramatzan ontzia hondoratu da
Gutxienez eskifaiako kide bat eta bi turista hil dira, 40 zauritu, eta 60 bat desagertuta daude; ez dute argitu istripuaren zergatiaErailketagatik eta ontzitik bidaiarien aurretik irteteagatik atxilotu dute kapitainaAmagoia Mujika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu