Protestak herrialde arabiarretan

Mediterraneoan, badaezpada

Nazioarteak aire eremua debekatzeko mehatxua egin du, giroa gaiztotu eta esku hartze militarra behar bada

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafi ez dago Libiako oposizioak eta nazioarteak nahiko luketen bezain ahul, eta krisia hasi zenean edozein unetan eroriko zela ziotenak, orain, luze iraun dezakeela esaten hasi dira. Gaddafiren indar militarrak gutxiesten ez dituztenek oposizioaren lorpenak arriskuan jartzeraino min eman dezakeela uste dute. Buruzagiaren indarra neurtzen ari diren bitartean —eta Mediterraneoko ohiko indar militarrak sendotzen—, haren kontrako erantzun militarraz eztabaidatzen ari da nazioartea egunotan, eta aire eremua debekatzea da agintariek ahotan dutena. Baina ez da horren erraza, eta erabaki hori, hartzekotan, gerra are larriagoa egiten bada hartuko dute. Momentuz, mehatxua da, baina baita baztertu ezinden aukera ere.

Libian aire garraio militarra eta zibila debekatuta geratuko litzateke erabaki hori hartuko balute, baina horretarako Gaddafiren defentsa suntsitzeko erasoa egin beharko litzateke lehenik, radarrak eta beste sistemak apurtu, eta hasteko arriskuan leudeke hori egiten duten militarrak eta bi aldetako estrategien azpian dauden herritarrak. Ondorio lantzak izan ditzake, Gaddafiren erantzun gogorraren neurrikoak.

«Agintzen badute egin daiteke, baina ez edozein modutan». Robert Gates AEBetako Defentsa idazkaria eta beste hainbat herritako militarren buruzagiak zuhurtziaz aritu dira asteon aukera horretaz, plangintza zorrotza eta baliabide asko eskatzen ditu-eta erabaki horrek. David Deptula Pentagonoko aire indarren inteligentzia arduradunak azaldutakoaren arabera, Gaddafi azken urteotan militarki indarra hartuz joan da, haren ustez, «prestatzen» horrelako egoera bati aurre egiteko, eta nazioarteak aire eremua debekatu aurretik pentsatu beharko lukezenbat denbora dagoen prest borrokarako, luze joko bailuke.

NBEren esku

Edozein kasutan NATOren eta NBEren Segurtasun Kontseiluaren oniritzia beharko luke erabaki horrek, eta Nazio Batuetan Txinak eta Errusiak beto eskubidea erabiltzea pentsatzekoa da. Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek denen oniritziarekin aurrera egingo luketela esan dute, baina ez oraingo egoeran. Errusiak dagoeneko esan du erabaki hori larriegia dela Libian aplikatzeko. Barack Obamak ez du espresuki aire eremuaz hitz egin, baina «aukera guztiak» aztertzen ari direla esan du. Haren ustez, orain han ingurura zabaldu dituzten militarren eginkizuna herritarrei laguntzea da.

Aste guztian aritu dira iristen Mediterraneora NATOren indarrak, eta AEBek artilleria astunaren erakusketa egin dute Kretan eta Greziako beste hainbat uharteetan, hala nola Libiako kostaren inguruan. Atzo bi gerraontzitan 2.000 marine iritsi ziren ingurura, hegazkin, helikoptero eta txalupa anfibioak garraiatzeaz gainera. Beste 400 soldadu Mediterraneoan dagoenekobadituzten baseak indartzera iritsi dira asteon. Eta gehiago iritsiko dira.

Baina etxean ere, Libiako oposizioaren talde gehienek, nazioartearen neurri gogorrenarekin bat egiten dute,konturatzen hasiak direlako Gaddafi ez dela horren erraz eroriko, eta eutsi nahi diotelako jarritako baldintzari: etsaiarekin negoziatuko dute haren errendizioaz, ez beste ezertaz. Badira, hala ere, kontrakoa pentsatzen dutenak oposizioaren artean; kanpoko laguntzak iraultzari balioa kenduko liokeela uste dute batzuek. Arabiar Ligak, berriz, ez du gaizki ikusten aire eremua debekatzea zibilen heriotzak saihesteko balio badu, baina Libian atzerritarren edonolakoesku hartzea «erabat arbuiatu» ere egiten dute Amro Musa idazkari nagusiaren ahotan.

Irak eta Bosnia eredu

Nazioarteak esperientzia du aire eremua debekatzen; ikusi dute ez dela horren erraza hilketa masiboak saihestuko dituela bermatzea. Iraken eta Bosnian izandako esperientziek hori erakutsi dute.

Irak iparraldean Saddam Hussein bakartzeko balio izan zuen—NBEren erabakirik gabe—, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak kurduak babesteko eremua debekatu zutenean, 1991n. Urte hartan NBEk legez kanpokotzak jo zuen erabakia. 1996an, ordea, AEBek eremua Bagdad ingururaino hedatu zuten, 2003ra arte, baina herritarren kontrako erasoak ez zituzten saihestu. Bosnian ere 1993an ezarri zuten NBEren erabakiz, eta NATOren arabera, ez zen arrakastatsua izan serbiarrek gogor erantzun zutelako, baina kritikoenen ustez, gehiegikeria okerrenak geldiarazteko ez du balio izan. Srebrenicako sarraskia, gogoan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.