Medvedev Putinen aldekoa faborito dela bozkatuko dute gaur Errusian

Presidentetza lortuz gero Putinen ildoari segituko diola dio Medvedevek; iruzur susmo handiak daude

ALEXANDER ZEMLIANICHENKO / EFE.
2008ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Errusiako presidentea hautatuko dute gaur herritarrek, bozak garbiak izango ez diren akusazioen artean. Ez da ustekaberik espero, eta egungo presidente Vladimir Putinen aldeko hautagai Dmitri Medvedev aurreikusten dute denek garaile. Inkesten arabera, Errusia Batua alderdiko hautagaia da faboritoa, galdekatuen %70ek baino gehiagok adierazi baitute haren alde bozkatzeko asmoa. Gainerako hautagaiei alde handia ateratzen die; hurrenak, Gennadi Ziuganov komunistak, soilik %11ko babesa jaso baitu inkestetan. Beste hautagai batzuk, Mikhail Kasianov lehen ministro ohia eta Vladimir Bukovski bozetatik at geratu dira.

Medvedevek jakinarazi du irabaziz gero lehen ministro kargua Putini eskainiko diola. Hark baiezko erantzuna aurreratua du dagoeneko. Era berean, egungo presidentearen ildoari jarraitzeko konpromisoa hartu du hautesleen aurrean: «Estatuaren buruzagitza nire esku uzten baduzue, konpromisoa hartzen dut eragingarria izan den norabideari, Putin presidentearenari, segitzeko».

Ez dirudi Errusiako Federazioko Alderdi Komunistako buru Gennadi Ziuganovek, aurreko bozetan ez bezala, oraingoan boto portzentaje handia lortuko duenik. 1996an presidentetzarako eginiko hauteskundeetan, Ziuganovek botoen %40,4 lortu zituen Boterea Herriarentzat koalizioarekin —Alderdi Komunistaz gain, ezkerreko beste alderdi batzuk zeuden—; alabaina, Boris Jeltsin presidenteak, Aleksandr Lebed jeneral eta hautagaiaren laguntzaz, %53,7 eskuratu zituen.

2000ko martxoaren 3ko bozetan, Putinen aurka, bozen %29,3 lortu zituen komunisten buruak, eta KGBko espioien buru ohiak %68,8 lortu zituen. Ziuganoventzat, kapitalismoa Errusia «hiltzen» ari da.

Oraingoan, Ziuganovekin eta Medvedevekin lehiatuko diren beste bi hautagaiak Vladimir Jirinovski ultranazionalista eta Andrei Bogdanov liberala dira. Jirinovski Errusiako Alderdi Liberal Demokratikoko sortzaile eta buruari %6ko portzentajea ematen diote inkestek. Legebiltzarreko presidenteorde eta Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioko kideari «egungo erregi-menaren aldeko fidela» izatea egotzi dio Ziuganovek. Hark, ordea, berariazko proiektu politikoa duela dio. Besteak beste, presidentearen eta Gobernuaren botereak murriztu nahi dituela azaldu du.

Bogdanovi dagokionez, inkestek boto asmoen soilik %1 aurreikusten diote. Gainera, Londresko The Guardian egunkariak eta Errusiako The Exile ingelesezko kazetak diotenez, Bogdanov ez da hautagai serioa, Putini mesede egiteko eta oposizio liberalaren botoak sakabanatzeko maniobra baten figura baizik.

«Mundu politikoan sekretu jakina da Bogdanoven alderdia Kremlinen beste proiektu bat besterik ez dela. [Mikhail] Kasianov lehiatik at izaki, Bogdanov bozetarako aukera independente bakarra bihurtu da, eta Europako Batasunaren aldeko liberal faltsua besterik ez da», dio The Exile-k.

«Iaz, Alderdi Komunistari botoak ebasteko, ia ezkerrekoa den Bidezko Errusia proiektua sortu zuten, eta Errusiako Alderdi Demokratikoaren helburua, berriz, boto liberalak sakabanatzea da; horiek, bestela, SPS Eskuineko Indarren Batasunera, Yablokora edota hautagai [debekatu] Mikhail Kasianoven eskura joango ziratekeen».

BOZEN GARBITASUNA AUZITAN. PACE Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioko behatzaile misioko buru Andreas Grossek bozak garbiak izango ez diren kezka adierazi du aste honetan, orain bi urtekoetan bezalatsu. «Bozen bezperan eszeptizismo nabarmena daukagu. Bozak garbiak izango ez ote diren beldur gara, komunikabideetan hautagai baten erabateko kontrola ikusten baitugu», zehaztu du, Medvedev aipatuta. Adierazpen horiek asteazkenean egin zituen, oposizioko bi taldetako ordezkariekin bildu ondoren, zehazki Eskuineko Indarren Batasuneko buru Nikita Belikhekin eta Yabloko alderdiko Grigori Javlinskirekin.

Dozenaka behatzaile bidali ditu PACEk Errusiako Federaziora, Ipar Kaukasoko eskualdera izan ezik. Izan ere, hango errepubliketako gatazkak —okupazioak, borrokak, bozetako irregulartasunak eta abar— «epe luzerako misioa» eskatzen duela deritzo erakundeak. Izan ere, behatzaileengan zalantza handiak piztu zituen Putinen alderdiak, Errusia Batuak, Txetxenian eta Ingushetian joan den abenduan legebiltzarretarako hauteskundeetan lortu zituen emaitzek. Orduan parte-hartzea ia %100koa izan zen, eta antzekoa izan zen Errusia Batuaren aldeko botoen portzentajea.

Grossek kritikatu du Medvedevek ez duela hauteskunde eztabaidetan parte hartu nahi izan.

PACE ez bezala, EBko beste erakunde bat ez da Errusiako bozetan izango: ESLA Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakundea. Iragan azaroan behatzaileentzako arau zorrotzak ezarri zituen Moskuk, eta 1.000tik 400 ingurura jaitsi zuen haien kopurua; egonaldi epeak ere murriztu egin zituen.

'THE GUARDIAN'-EN SALAKETA. The Guardian egunkariak dioenez, Kremlin gaurko bozen emaitzak «faltsutzeko eta nahi bezalakoak lortzeko plana» du, iruzurraren bidez eta jendea bozkatzera joatera behartuta. «Gobernadore, eskualdeetako funtzionario eta baita irakasle buruei ere esan zaie Dmitri Medvedeven aldeko gehiengo zabala lortu behar dutela, bestela beren lanpostuak gal ditzaketela», dio egunkariak. Eta Golos behatzaile talde independenteko eledun Marina Dashenkovak dio bozkatzera joateko mehatxuen salaketa ugari jaso dituela. %70 inguruko parte-hartzea eta bozen %72 inguru Medvedeventzako lortu nahi du Putinen gobernuak.

Halere, adituek uste dute benetako parte-hartzea %25-50 artekoa izango dela. Baina, diplomatikoak eta iturri independenteak aipatuta, The Guardian-ek dioenez, parte-hartze apal horri aurre egiteko Kremlinek prestatua duen maniobra hauxe da: hautes-ontziak erabili gabeko botopaperekin betetzea eta eskualdeetako funtzionarioek Hauteskunde Batzorde Nagusiari parte-hartzearen datu puztuak ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.