Moskuko atentatua

Medvedevek Barne Ministerioan dimisioak exijitu ditu

Leherketak gizon batek eta emakume batek eragin zituztela uste du Poliziak. Hildakoen artean sei atzerritar daudela jakinarazi dute.

2011ko urtarrilaren 25a
11:39
Entzun
Moskuko aireportu bateko atzoko atentatua dela-eta -35 lagun hil dira-, Dmitri Medvedev Errusiako Gobernuko presidenteak Barne Ministerioan dimisioak egotea exijitu du. "Barne ministroari agindu diot garraioko segurtasun arloan kargu uzteak edo bestelako neurriak proposa ditzala", adierazi du Medvedevek gaur, Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalarekin bilera egin ostean.

Domodedovoko aireportuan atzo izan zen atentatua ikertzen jarraitzen du Errusiako Poliziak. Lehen ondorioen arabera, gizon batek eta emakume batek eragin zuten leherketa, eta horretarako beste hiru lagunen laguntza izan zutela jakinarazi dute. Gainera, Poliziak uste du bonba behar zuena baino lehen lehertu zela. "Ustezko emakumezko terroristak maleta bat ireki zuenean lehertu zen bonba", adierazi dio Errusiako segurtasun arduradun batek RIA Novosti albiste agentziari.

Erasotzaileen asmoa, Poliziaren arabera, maleta hori areto batean utzi eta urrutitik zartaraztea zen. Gizonak eta emakumeak aireportuaren kanpoan ihes egiten lagundu behar zien kolaboratzaile bat zutela zai ere esan dute. Bonba bost kilo trilitaz osatuta zegoen, eta 35 pertsona hil ziren atentatuan. Horietako sei atzerritarrak zirela jakin da gaur, Erresuma Batuko bi, eta Alemaniako, Kirgizistango, Tajikistango eta Uzbekistango bana. 154 pertsona zauritu ziren atentatuan, eta horien artean Errusiakoak ez diren zortzi daude. Zaurituetako batzuk larri daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.