Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak uko egin dio EB Europako Batasuneko Parlamentuak egindako eskaerari, hau da, hauteskundeak errepikatzeari: «Haien jarrera ez da adierazgarria guretzat». Medvedev EBrekin bildu da, eta abenduaren 4an egin zituzten Errusiako bozetako ustezko ustelkeria kasuengatik kezka azaldu dio; hala ere, zoriondu egin du ikerketa abiatzeko eskaera egiteagatik.
Dena dela, bi aldeen arteko giroa ez nahasteko, euroguneari laguntzeko prest azaldu da Medvedev, eta egoera larrian dauden Europako estatuei babesa emateko «behar adina inbertsio» egingo dituztela adierazi du. Bertako iturrien arabera, gutxienez 10.000 milioi emango dizkio Nazioarteko Diru Funtsari.
Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak, berriz, gogor defendatu du parlamentuko bozen legezkotasuna, eta iruzurrak salatu dituzten oposizioko alderdiei auzitara joateko gonbita egin die. Halaber, presidentetzarako hautagaitzari bere horretan eutsiko diola berretsi du: «Protestek ez dute nire asmoa aldaraziko».
Hain zuzen, joan zen astean milaka herritar kalera irten ziren bozetako iruzurra salatzera. Lehen ministroak adierazi du haien protesta egiteko eskubidea onartzen duela, betiere legearen barruan egiten badute; manifestaldien atzean, ordea, Ukrainiako Iraultza Laranjako ekintzaileak daudela uste du: «Errusia atzerritarrek ezegonkortu nahi baitute». Halaber, Errusia Batua bere alderdiak bozetan izan duen galera —parlamentuan 77 eserleku galdu ditu— «normala» izan dela berretsi du, krisi ekonomikoari eta «garai zailei» aurre egin behar izan dietelako.
Medvedevek ez dio jaramonik egin EBk bozei buruz azaldutako kezkari
Putinek auzitara joateko gonbita egin dio Errusiako oposizioari ustezko ustelkeria salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu