Anonymous nazioarteko hacker taldeak AEBetako sei webgune garrantzitsu blokeatu ditu gaur goizaldean, tartean AEBetako Justizia Sailarena, FBIk Megaupload Interneteko zerbitzuaren aurka egin duen operazioari erantzunez. Megaupload zerbitzuaren aurkako operazioa atzo iluntzean egin zuen FBIk, eta zazpi lagun atxilotu zituen, pirateria delituagatik, AEBetako Justizia Sailak jakinarazi duenez.
Atxilotuetako lau Zeelanda Berrian atzeman dituzte, Aucklanden, eta horien artean dago Kim Dotcom, ustez Medauploadeko arduradun nagusia. Besteak Alemanian eta Finlandian atxilotu dituzte. Zeelanda Berriak atxilotuak espetxeratzea erabaki du, eta AEBetara estraditatzea erabaki beharko du orain. Urtarrilean, Virginiako epaitegi batek jabego intelektualaren aurkako delituak egitea eta dirua zuritzea leporatu zien, eta dozenaka urteko espetxe zigorra ezar diezaiekete. Polizia operazioan, Megauploaden hemezortzi domeinu itxi dituzte.
AEBetako Justizia Sailaren arabera, 500 milioi dolarreko kaltea eragin du Megauploadek, eta arduradunek 175 milioi dolarren irabaziak izan dituzte, publizitateari esker eta ordainpeko kontuak zabaldu dituzten erabiltzaileei esker. Fitxategiak Interneten partekatzeko zerbitzua da Megaupload, eta, beste batzuen artean, filmak eta musika Internetetik hartzeko erabiltzen da. Horren aldekoek diote hori itxita Internet orain arte ezagutzen zen moduan aldatuko dela.
Erantzuna, sei webgune blokeatuta
Aipatutakoaz gain, AEBetako musika industriarekin eta Utah estatuko Poliziarekin lotutakoak dira erasotako beste webguneak. Gainera, mehatxu egin du hurrengoan FBIren webgunea blokeatuko duela. "Hurrengoa fbi.gov izatea da agindua", zabaldu dute Twitterren.
Hamabost minutu besterik ez da pasa AEBetako Gobernuak Megaupload itxi duenetik webguneak blokeatu dituzten arte. "SOPA legea onartu gabe itxi dute Megaupload. Imajina ezazue zer gertatuko den onartzen badute. Internet, gaur egun ezagutzen dugun moduan, amaitu egingo da. Egin borroka", esan du taldeak AEBetako Kongresuan onartzekoak diren Stop Online Piracy Act legeaz.
Erasoa jasan du SGAE elkartearen webguneak ere.
Herenegun, 10.000 webgunek protesta bat egin zuten SOPA legearen aurka; tartean, Wikipedia eta Google.